Udalak kudeatuko du Ibarra kiroldegia otsailetik

Mirari Altube Arrese 2014ko abe. 3a, 17:34

Aretxabaletako Udalak eta Ibarra kiroldegia kudeatzen duen Ibarra hiruko enpresak kontratua etengo dute urtarrilaren 31n. Akordioa lortu dute bi aldeek eta atzo, ezohiko osoko bilkura eginda, udalbatzak onartu. Bilduko sei kideek bakarrik bozkatu zuten alde, Alderdi Sozialistakoak aurka, eta Aralarkoek eta EAJkoek ez zuten bozketan parte hartu gura izan.

Orain dela bi urte pasatxo, 2012ko irailean, zabaldu zuten Ibarra kiroldegia eta LKS, Athlon eta Ondoan enpresek osatutako hirukoak kudeatzen du, Udalak hari esleitu zion-eta zerbitzua.  Zerbitzua hori, baina, defizitarioa da Ana Bolinaga alkateak azaldutako moduan, bideragarritasun planarekin ez duelako asmatu enpresak. "Enpresa pribatu bat sartu zen negozio berri batean eta ez zaio ondo atera, ez dago beste misteriorik", zioen Ana Bolinaga alkateak eta gaineratu: "2013an jakin genuen defizit hori nondik zetorren; bideragarritasun planean aurreikusitako 3.000 abonatutara ez zirela iritsi, ezta iritsiko ere. Esan ziguten 2.100 abonatu inguruan geratu dela kiroldegia, baina ez gaur, datozen urteetan ere bai".

Defizit horri buelta ematea oso zaila zela ikusita urtebeteko negoziaziotan jardun dute Udalak eta hirukoak, baina azkenean ez dute lortu aurrera egiterik alkateak azaldu duen legez: "Gu laguntzeko gertu gaude baina beti marko legal baten barruan. Eurek gura zuten 2012ko zorra Udalak hartzea beregain; 2013koa hiruko enpresak; eta 2014tik aurrerakoa Udalak". Baina azken hori ez dela posible jakinarazi zuen alkateak, "Udalak egindako pleguengatik".

Hala, etete akordioa sinatuko dute eta Udalak beregain hartuko du 2012ko zorra, eta beste kontzeptu batzuen artean kirol eskola politikagatik 65.900 euro inguru, fitness gelan egindako inbertsioagatik 83.500 euro eta gasaren inguruko gastuengatik ia 10.000 euro.

Aralarko eta EAJko zinegotziak bozkatu barik

Aralarko eta EAJko zinegotziak ez ziren bat etorri alkateak azaldutakoekin. Biek ala biek esan zioten arazoa bideratzeko borondate falta egon dela. EAJko Mikel Uribetxeberriaren ustez Ibarra hirukoak oso ondo kudeatu du: "Emaitza oso onak izan dira; izan ere, %81eko autofinantziazioa lortu da. Oraindik geratzen zen %19ari erantzuna ematea, eta horretarako aukera batzuk bazeuden. Udalak, baina, erakutsi du borondate eta gaitasun eza akordiotara iristeko".

Aralarko Inaxio Garroren esanetan ere kudeaketaren kalitatearen gaineko zalantzarik ez dago: "Datuek hori diote, herritarrekin batera egindako inkestek ere bai, baina uste dut benetan ez dela kontuan hartu eta baloratu enpresak egindako eskaerak; ez da gura izan".

Aralarko hiru zinegotziek eta EAJko biek bozketan ez hartzea parte erabaki zuten.

Alderdi Sozialistako zinegotzi Jorge de Castrok, ostera, akordioaren aurka bozkatu zuen. Arrazoia izan zen, 2012an hiruko enpresak izandako zorra Udalak beregain hartu izana.

Udalak kudeatuko du otsailetik

Urtarrilaren 31n bukatuko du hirukoak kontratua. Eta gero Udalak berak kudeatuko duela Ibarra kiroldegia jakinarazi zuen alkateak: "Azpikotratatu egingo ditugu zenbait zerbitzu, eta gerente berria ere izango dugu. Gainerako kiroldegiak legez kudeatuko da, Bergarakoa eta Eskoriatzakoa legez, hori delako orain arte efikazena".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak