Lanean jardun dute lau aste bukaeratan, eta hainbat gairen gainean, adibidez elikadura burujabetzaren eta herri mugimenduen gainean entzun, ikasi eta hausnartu. Eta bihar ere lanean hasiko dute eguna: "Sexualitatearen gaineko tailerra izango dugu lehenengo, eta gero jai giroan sartu bete-betean", jakinarazi du Nerea Zubillagak. Iaz 100 lagun inguru elkartu ziren bazkaltzeko eta aurten ere horren bueltan izango direlakoan daude: "Giro polita sortuko dugula ez izan zalantzarik, eta gazte guztiak animatzen ditugu ekitaldiotan parte hartzera", esan du.
Gazte Eguna, baina, bukaera baino abiapuntua izango dela jakinarazi du Zubillagak: "Ikasitakoa eta hausnartutakoa gogoan, eraikitzen eta eraldatzen hasteko ordua da orain. Hortaz, bukaera inondik inora ere ez".