Udal ordezkariek aldarrikatuko dute emakumeen aurkako indarkeriarik ez duela onartuko ez herrian, ezta beste inon ere, eta herritarrak ere horretara animatu gura dituzte: "Herritar guztiak gonbidatu gura ditugu martitzenean, plazara. Eta ondoren, asmoa da, ikus-entzunezko bat eskaintzea bertan", jakinarazi du Maider Aizkorbek, Berdintasun zinegotziak.
Herriko hainbat emakume, gainera, afaltzeko elkartuko dira, martitzenean, udaletxe zaharrean. Afari horretarako txartelak salgai dituzte Loramendin, Orlyn eta Urbaltzen, 5 eurotan.
Maitasunaren ostean, maitasuna antzezlana
Ados teatroaren antzezlana izango da elkarretaratzearen ostean Arkupen, 19:30ean (sarrera, 4 euro). Maitasunaren ostean, maitasuna eskainiko dute, Dora Salazar eskulturagile euskaldunaren bizitzan oinarrituta Garbi Losadak sortutako antzezlana. Salazar bera arduratu da lan plastikoarekin, eta diote eskulturagilearen lanen "berrinterpretazioa" dela. Izan ere, antzezlana bi sortzaileek, Salazarrek eta Losadak, elkarlanean egindako lana da. Hala, hiru ahotsetan planteatu du Losadak maitasun istorioa, eta panpina errusiarrak balira bezala istorio batek beste istorio bat dauka gordeta, eta horrek beste bat. Sortzaileak luxuzkoak eta taula gainean izango diren protagonistak ere bai: Ane Gabarain, Sara Cozar eta Dorleta Urretabizkaia.
Berdintasun teknikaria
Bestalde, astean hasi da lanean Berdintasun teknikaria hainbat azterketa eta proba pasatu ostean. Amets Beltran de Gebara arrasatearra da bera eta egun erdiko lan jarduna izango du (ordutegia zehazteko du oraindik).