'Indarkeria matxistarik ez' aldarrikatzeko eguna badator

Mirari Altube Arrese 2014ko aza. 21a, 08:00
'Indarkeria matxistarik ez' leloarekin kartela.

Emakumeen aurkako edozein eratako indarkeria salatzeko eguna izango da martitzena, azaroak 25, eta Udalak deituta Aretxabaletan elkarretaratzea egingo dute Indarkeria matxistarik ez leloarekin; 19:00etan izango da Herriko Plazan.

Udal ordezkariek aldarrikatuko dute emakumeen aurkako indarkeriarik ez duela onartuko ez herrian, ezta beste inon ere, eta herritarrak ere horretara animatu gura dituzte: "Herritar guztiak gonbidatu gura ditugu martitzenean, plazara. Eta ondoren, asmoa da, ikus-entzunezko bat eskaintzea bertan", jakinarazi du Maider Aizkorbek, Berdintasun zinegotziak.

Herriko hainbat emakume, gainera, afaltzeko elkartuko dira, martitzenean, udaletxe zaharrean. Afari horretarako txartelak salgai dituzte Loramendin, Orlyn eta Urbaltzen, 5 eurotan.

Maitasunaren ostean, maitasuna antzezlana

Ados teatroaren antzezlana izango da elkarretaratzearen ostean Arkupen, 19:30ean (sarrera, 4 euro). Maitasunaren ostean, maitasuna eskainiko dute, Dora Salazar eskulturagile euskaldunaren bizitzan oinarrituta Garbi Losadak sortutako antzezlana. Salazar bera arduratu da lan plastikoarekin, eta diote eskulturagilearen lanen "berrinterpretazioa" dela. Izan ere, antzezlana bi sortzaileek, Salazarrek eta Losadak, elkarlanean egindako lana da. Hala, hiru ahotsetan planteatu du Losadak maitasun istorioa, eta panpina errusiarrak balira bezala istorio batek beste istorio bat dauka gordeta, eta horrek beste bat. Sortzaileak luxuzkoak eta taula gainean izango diren protagonistak ere bai: Ane Gabarain, Sara Cozar eta Dorleta Urretabizkaia.

Berdintasun teknikaria

Bestalde, astean hasi da lanean Berdintasun teknikaria hainbat azterketa eta proba pasatu ostean. Amets Beltran de Gebara arrasatearra da bera eta egun erdiko lan jarduna izango du (ordutegia zehazteko du oraindik).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak