Dena prest dute kontu kontalarien lehiaketa hasteko

Arantzazu Ezkibel Galdos 2014ko aza. 20a, 10:00

Aretxabaletako Udalak Ostegun kontalariak lehiaketa jarri du abian, Arteman Komunikazioaren laguntzarekin. Debagoieneko gazteei kontakizunak jende aurrean plazaratzeko gonbidapena egiteko asmoz sortu da ekimena. Helburua bikoitza da: batetik, kontatzaile grina dutenei bidea ematea; eta bestetik, udazken-neguko eguenetan Aretxabaletako tabernetan herritarrei zuzendutako eskaintza kulturala sustatzea. Emanaldiak datorren eguenean hasiko dituzte, azaroaren 27an, 21:30ean.

Barberena eta Agirre Express tabernan

Eneko Barberena eta Manex Agirre izango dira lehenengo saioko kontalariak. Azaroaren 27an izango da hori, 21:30ean, Express tabernan. Barberena arrasatearra eta Agirre aramaioarra diziplina askotan ibili izan dira bakarka. Aspaldi, baina, elkarrekin Kulturisten Kofradia bakarrizketa-ikuskizuna sortu zuten eta tarteka, iragarri gabe, agertokietara igotzen dira jendeari euren kontuak kontatzera.

Oraingoan, lehiaketa zabalduko duten kontalariak izango dira. Arrasatearrak eta aramaioarrak eskarmentu handia dute agertokietan eta hori baliatuko dute ikusleak bereganatzeko.

Agiriano Artano tabernan

Abenduaren 4an, Artano tabernan, Aitor Agiriano eskoriatzarraren txanda izango da. Agirianok telebistan zein film labur, dokumental eta antzezlanetan aktore moduan parte hartu izan du, eta sariak ere jaso ditu. Aretxabaletako emanaldian aktore bizimoduarekin lotutako bakarrizketa-ikuskizuna eskainiko du Agirianok.

Azkarate Atseden tabernan

Belen Azkarate antzuolarrak abenduaren 11n, Atseden tabernan kontatuko ditu ipuinak. Azkarate umeekin zein helduekin ibiltzen da ipuinak kontatzen. Urte asko darama lan horretan. Berak sortutako ipuinak eta beste autore batzuenak kontatzen ditu; ipuinen bitartez baloreak helarazten ahalegintzen da Azkarate.

Agirre Urbeltz tabernan

Azken emanaldia Iraitz Agirre arrasatearrak eskainiko du. Abenduaren 18an izango da, Urbeltz tabernan. Agirrek bere burua kontalaritzat dauka. Bai jendaurreko zereginak bai bestelakoak, denak izan daitezke agertokiak arrasatearrarendako. Kontatzeko modu ezberdinak batuko dituen patchwork-a eskainiko du Agirrek Urbeltz tabernan.

150 euroko saria

Ostegun kontalariak lehiaketako irabazleak 150 euroko saria jasoko du. Irabazlea nor izango den publikoaren boto bidez erabakiko da. Ikusleek emanaldien ostean eman ahal izango dute bozka tabernan bertan kokatutako postontzian. Hori izango da bozka emateko modu bakarra. Antolatzaileen esanetan originaltasunari eta interpretazioari emango zaio garrantzia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak