Beñat Arnaiz, autobusaren pare

Julen Iriondo 2014ko aza. 15a, 00:00
Beñat Arnaiz, iragarkia dela-eta egindako argazkian.

"Polita izan da, esperientzia berria, eta polita", dio Beñat Arnaizek, Aizpurua autobus konpainiaren iragarkia dagoeneko ikusgai dela –euren webgunean.

"Sekula horrelakorik egin gabe, eta esan nuen: 'Zergatik ez?"; eta berriz ere tokatzen bada halakoren baten parte hartzeko aukera, hura gertu: "Gauza berriei ez zaizkie sekula ateak itxi behar". Triatletaren eta autobusaren arteko konparaketa ere egokia iruditu zitzaion Arnaizi.

Arteman enpresako Arantzazu Lagunillak honela azaltzen du atleta eta ibilgailua parekatzearena, bezero izan duten autobus konpainiak kirolarekin harreman berezia duela aurrez azalduta: "Ideia da eurak [Aizpuruakoak] daudela prest hainbat esparrutan lan egiteko; goi mailakoak direla eta egokitzen direla askotariko  egoeretara eta askotariko esparruetara. Eta hori izan zen; egokitzeko gaitasun hori eta kirolarekin duten harreman hori kontuan hartuta, pentsatu genuen kirol batekin lotzea. Eta ze kirol izan daiteke hainbat diziplina ukitzen dituena? Triatloia izan zitekeela pentsatu genuen"; triatletak egokitu egin behar izaten duelako hainbat diziplinatara.

Eta proposatu zioten Arnaizi: "Galdetu genion geure buruari: 'Zein dugu inguruan? Triatleta bat nahiko profesionala dena; lagun asko dituena...'; hori ere garrantzitsua zen-eta guretzat. Aizpuruak ere badu inguruan halako komunitate handi bat, eta ez genuen nahi edozein triatleta izatea. Eta pentsatu genuen: 'Beñatek baditu Gipuzkoa mailan eta Euskadi mailan oihartzun bat eta irudi bat'. Beñati proposatu genion eta baiezkoa eman zigun". 

Landan eta Usurbilen –konpainiaren egoitzan– egin zituzten grabazioak Arnaizekin. Iragarkiak tartekatzen ditu triatletaren eta autobusaren irudiak: "Itxura ona hartzen nion hasieratik; eta, bideoa ikusita, argi dago izugarrizko lana dagoela hor. Asko gustatu zait", zioen protagonistak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak