Zelakoa da Markel Uriarte?
Nahiko pertsona lasaia da. Bizikleta hartuta da bizitza gehien gozatzen duen momentua. Momentu honetan nahiko lanpetuta bizi den pertsona da: lana, ikasketak eta maila honetako zaletasun bat ez da erraza bateratzea. Baina libre dituen momentu guztiak bizikleta gainean aprobetxatzea gustatzen zaion horietakoa; deskonektatzeko, batik bat.
Zein harreman daukazu sukaldearekin?
Egia esan, aitortu beharra daukat sukaldean oso txarra naizela. Nire eginbeharrengatik etxean egoteko oso denbora libre laburra dudanez, ia ez naiz sartu ere egiten.
Zertara gonbidatuko zenuke lagunik onena?
Bazkari on batera, etxean eta lagun giroan.
Zeinekin gustatuko litzaizuke mahaiaren bueltan eseri?
Bizikletan ibiltzen naizen lagunak gonbidatuko nituzke bazkaltzera, esaterako, edo Alberto Contador bezalako txirrindulari batekin ere gustura egingo nituzke berba batzuk mahaiaren bueltan, hura hobeto ezagutzeko.
Zergatik txirrindulari?
Esan beharra daukat txirrindularitza ez dela nire ogibidea gaur egun; zaletasun bat besterik ez da, ez naizelako horretatik bizi. Txikitan hasi nintzen bizikletaren gurpilen gainean ibiltzen, 8 urterekin, hain zuzen ere. Momentu honetan gehien gustatzen zaidana bizikletan ibiltzea da, asko gozatzen dut-eta: saiatzen naiz ahalik eta gehien ibiltzen, teknika hobetzeko asmoz.
Enduroaren munduan miresten duzun inor?
Ez dut idolo zehatzik. Norbait esatearren, momentu honetan, erreferentetzat Jerome Clementz enduroko txirrindulari frantsesa dudala esango nuke.
Txirrindularia ez bazina…
Nahiko zaila da esatea. Orain arte, nire bizitza txirrindularitzari eskaini diot, baina, zerbait esatekotan, korrika edo motor zale izango nintzatekeela uste dut.
Iratxoek hiru desio betetzeko aukera eman dizute.
Batetik, pairatzen ari garen krisi honetatik ateratzea; bestetik, osasuna niretzat eta nire familiako guztientzat; eta amaitzeko, ahalik eta hoberen bizi izatea, bai ni eta baita nire inguruko guztiak ere.
Damu zara…
Ez naiz ezertaz damutzen.
Anekdotarik?
Behin, Asturiasera joan nintzen lasterketa bat zela-eta. Aurreko egunean mendian ibili nintzen, hurrengo eguneko zirkuituko ibilbidea ikusteko, oinez. Ordu laurden inguru falta zenean guztiz iluntzeko, hiruzpalau txakur agertu ziren, animalia baten atzetik. Hori ikusita, despistatu, eta ezagutzen ez nuen mendi batean hamabost kilometro ibili behar izan nuen maldan gora eta behera, autora iritsi arte. Susto galanta izan zen hura.
Zer errepikatuko zenuke?
Iaz egindako bidaia, Coloradora, Freeride Festival de Winterpark-eko munduko kopako karreran parte hartzeko; duda barik, gustura asko errepikatuko nuke.
Lanetik etxera iritsi berri, sofan eseri eta…
Nahiko zaila izaten da ni etxean ezer egin gabe gelditzea. Normalean, ikasten jartzen naiz edo lagunekin elkartzen naiz bizikletan ibiltzeko.
Nora ospa egingo zenuke gustura?
Munduko txoko asko ditut gogoko. Pare bat aukeratzen jarrita, Alpeetara edo Kanadara joango nintzateke.
Ze esaldi konpartituko zenuke?
Ezer ez da ezinezkoa; saiatuz gero, nahi dena lor daiteke.
----------
Aukeran...
Lehen platera: Edozein motatako pasta.
Bigarrena: Txahal-txuleta patata erreekin.
Postrea: Gazta-tarta.
Edatekoa: Ura.