Nobedadeak izango direla iragarri dute Aretxarte merkatarien elkarteko kideek: "Leku aldaketa dago aurten; Durana kalean beharrean plazan egingo dugu, eta modeloak Kurtzebarri institutuko eraikinetik irtengo dira"; eta jarraitu dute: "Asmoa da, gainera, alfonbra gorria lurrean jarri beharrean oholtza gainean jartzea. Hala, herritarrek hobeto ikusi ahal izango dute". Beste behin, musika dantzagarriak girotuko du ekitaldia, eta aurten, argi-fokuak jarriko dituzte ibiltokian, "ordurako iluntzen hasita" egongo delako.
Dendak eta ile-apaindegiak
Orain dela hiru urte –2011ko maiatzean– abian jarritako ekimenarekin hainbat komertziok egin dute bat azken desfileetan, eta oraingoan, seik hartuko dute parte: Kilima eta Haurrak umeendako arropa-dendek; Amaia umeendako produktuak eta arropak dituen komertzioak; M-5 kirol-dendak; Titare lentzeria-dendak; eta Belar Meta gazteendako arropa-dendak.
Horiekin batera elkarteko ile-apaintzaileen lanak ere ikusi ahal izango dira; Irudi eta L-10 ile-apaindegiek eta Gemes irudi aholkulariak hartuko dute parte: "Modeloak orrazten eta makillatzen lagunduko digute, eta, hala, dotore-dotore ibiliko dira guztiak oholtza gainean", jakinarazi dute.