Juan Luis Perez Mitxelena Petti moduan ezaguna den musikari nafarrak folk eta rock doinuak eskainiko ditu Aretxabaletako Arkupe aretoan. Hilak 30ean, eguena, 19:00etan izango da agertoki gainean eta sarrerak 4 euroren truke lor daitezke.
Amerikar sustraiak dituen rocka egiten du Pettik. Bost bakarkako disko kaleratu ditu, ia denak Gaztelupeko Hotsak diskografikarekin. Pettiren ezaugarri nagusiena da barru-barrutik ateratzen duen ahots urratu eta sakona, eta esan daiteke hori gitarrarekin ateratzen duen bluesaren arimaz kutsatutakoa dela eta poesia musikatua egiten duela.
Debagoienean lagun asko dituen eta ezaguna den abeslari eta gitarrajolea, bakarlari moduan asko ibili arren, talde ugaritan egon den musikaria da. Hala, Anari, Txuma Murugarren, Rafa Rueda, Barrence Whitfield, Xabi Señor No… bezalako musikariekin ibilitakoa da.
Zuzenenko inprobisazioak
Aretxabaletan harrera beroa izango du seguruenik. Debagoienean eman dituen emanaldiak ikusita, etxean moduan sentitzen da taula gainean eta publikoa ere gustura egoten da. Bakarlari moduan asko ibili den musikaria da Petti, baina emanaldi askotan musikariak diren lagun oro, taula gainera berarekin batera igotzera animatzen dira.
Bakarlari bezala ibiltzen den arren, eguenean emango duen kontzertua taldearekin izango da. Oraingo honetan, Igor eta Iñigo Telletxea izango ditu baxuan eta baterian, eta Gosetaldeko Osoron ere igoko da taula gainera gonbidatu berezi bezala.
Ordu eta erdi inguru iraungo du emanaldiak, eta Pettiren ibilbide luzeko abestiak entzungo dira bertsioez gain. Kantu zaharrak, berriak, goxoak eta baita gogorragoak ere.