Zaraia mendizale taldearen laguntzarekin, eta Txakoli eta Dorleta tabernek babestuta, Udalak antolatutako jaialdian 12 postu inguru izango dira plazako arkupetan: "Nobedaderik ez dago, urtero ekartzen dituzten produktu goxoak eskainiko dizkigute beste behin", jakinarazi du antolatzaile lanetan dabilen Zaraia taldeko Martin Garaik.
Gaztela Leongo, Galiziako eta Extremadurako produktuak izango dira postuotan, azken horiek Arrasateko Corazon de Encina taldekoen eskutik. Eta Euskal Herrikoak eskainiko dituzte Aratz taldeko kideek.
Dantzak eta jotak
Folkloreari dagokionez azken urteotako taldeek egingo dute bisita. Laudiotik etorriko da Gaztela Leongo San Fernando dantza taldea; Donostiatik Galizia Etxeko dantza taldea; eta Errioxako Villamediana de Iregua herritik Voces del Ebro jota taldea.