UDAren gol zaparrada Ibarran: 4-0

Aurrean fin ibili ziren aretxabaletarrak eta samur ailegatu ziren Usurbilgoen area ingurura.

Gol festa Ibarran. UDAk beste aurrerapauso bat eman du, etxean aise nagusituz Usurbilen aurka. Gol festa, joko ona eta jendea gustura, ikusitakoarekin. Izan ere, hirugarren partidua zuten aretxabaletarrek gaur etxean eta aurreko bietan kostata eta gol bateko aldeaz irabazi badute (1-0), gaur 4 egin dizkiote Usurbili eta beste horrenbeste sartzeko aukerak sortu dituzte Gorka Valleren mutilek. Gol bat baliogabetu diote eta beste hiruzpalau aukera garbi izan dituzte golak egiteko.

Azkar hartu du mendean Usurbil UDAk eta 11. minuturako aldeko jarri zaio partidua lehen golarekin. Josu Arizmendiarrieta aurrelaria golegile. Lehen zatia amaitu baino lehen etorri da bigarrena. Beñat Etxabe atzelariarena. Eta bigarren zatian heldu dira beste biak: Julen Arriaranek sartu du 3-0ekoa eta Urtzi Lopezek itxi du partidua laugarrena eginez.

Estrategia jolaldiak

Igor Arenaza UDAko kirol zuzendaria oso pozik hartu dugu amaieran, estrategia jokaldietan, aldez aurretik entrenamendu saioetan ikasitakoetan, asmatu dutelako Vallerenek, eta bi gol egin dituztelako korner eta falta banatan. Biak ere atzelariek sartuta. Eta, bestetik, Urtzi Lopez erdilaria golegile moduan estreinatu delako aurten gaurko golaren ostean.

Aurrean bizi, atzean sendo

Nabarmentzekoa UDAren joko alai, bizi eta ikusgarria. Horretan, Usurbilek ere lagundu du, zabal jokatu duelako eta kontrarioari jokoa egiten utzi diolako. Eta azpimarratzekoa, era berean, ligako lau partiduetan atea hutsik amaitu dutela aretxabaletarrek. Horrek eman dio sendotasuna eta lidergoa. Ze, UDA fin aritu da aurrean gaur, baina sendo, era berean, atzean, kontrarioari aukerak egiten laga barik.

Lehen postuan bakarrik dago, une honetan, Aretxabaleta eta mailaz igotzea du helburu, liga hasi berria den arren eta entrenatzailearen helburu bakarra hurrengo partidua prestatu eta Ostadar garaitzea izan arren. Simeonek moduan, Arenazak ere: "partiduz partidu". Jarrai dezala festak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.