"Bi urtetik behin egiten dugu filma Aratzeko eta Atzegiko kideek eta aurten tokatzen zen", jakinarazi du Jokin Antxia kideak. Aratzekoek egindako bosgarren filma da. Aurretik egin dituzte honakoak: Bidai baten ametsa; Amapolia; Are bale; eta Ekipo.
Adimen urritasunak dituzten aretxabaletarrek eta Durana kalean bizi diren Atzegiko pisukideek hartu dute parte azken film horretan, 21 lagunek guztira. Eta jo eta sua ibili dira kirol jardueretan: "Olinpiadak ospatzeko beste ikuspuntu bat erakusten du pelikulak", dio Antxiak. Ibai Zangitu eta Mikel Alberdi izan dituzte lagun grabatzeko orduan, eta beste behin ilusio handiarekin egin dute lan guztiek. Urriaren 10ean elkartuko dira guztiak pantaila handian ikusteko, eta senideak eta herritarrak alboan izango dituzte: "Pelikulak hamar minutu irauten ditu, baina egubakoitzeko ekitaldiak badauzka beste betegarri batzuk", gaineratu du Antxiak.