Ingurumen zinegotzi den Lore Martinez Axperen esanetan Aretxabaleta, Oñati eta Debagoieneko mankomunitatea "aitzindari" izango dira Gipuzkoan, larrialdi gune automatizatua eskaintzen: "Telefonoz deitu eta azalpenak jarraituta atea irekitzeko kodea jasoko da; gero hondakinak sartu ahal izango ditugu gaikako edukiontzietan", argitu du, eta era berean gogorarazi: "Larrialdi gunea egoera berezietarako da".
Zerbitzu hori behar duenak honako telefono zenbakira deitu beharko du: 943 25 22 88. Erantzungailu automatikoak erantzuten du hor, eta honako pausoak jarraitu beharko dira: Hizkuntza aukeratu: euskaraz (sakatu 1) edo gazteleraz (sakatu 2). Norberaren telefono zenbakia aurretik emanda izanez gero hurrengo pausora pasatuko da, bestela honakoa eskatuko du: hamabi zenbaki dituen zabor kodea, hau da, ontzietako goiko zenbakia, pegatinan agertzen dena.
Herria aukeratuko da gero: Aretxabaleta aukeratzeko sakatu 1; herri baten baino gehiagotan izanez gero etxea, aukera ematen du beste herri horretako posta kodea sartu eta hango larrialdi gunera eramateko. Horren ostean, erantzungailuak larrialdi gunea zabaltzeko kodea emango du (24 ordutan baliagarria). Gero kode hori onartu egin behar da 1 sakatuta; hori egin aurretik berriro entzun gura izanez gero zein den kodea, itxaron. Telefonoa erregistratu gabe izanez gero sisteman gordetzeko aukera ematen du 1 zenbakia sakatuta; hala, hurrengoan ontzietako kodea sartu beharrik ez da izango. Bukatzeko larrialdi gunera jo eta erantzungailuak emandako kodea sartu besterik ez dago atea zabaltzeko.
Hondakinen informazio bulegoak ordutegia aldatu du
Bestalde, hondakinen informazio bulegoaren ordutegia aldatu egingo dute. Hona berria: astelehenetan, 10:00etatik 14:00etara; eguaztenetan, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:00etara; eta egubakoitzetan, 10:00etatik 14:00etara.