Gaur, astelehena, eta bihar Haur Hezkuntzako lehenengo mailakoendako zabalduko dituzte ateak. Horiek heldu batek lagun eginda egon beharko dute ludotekan. Eguaztenean, urriaren 1ean, ostera, plazara joango dira neska-mutikoak eta begiraleak jolasean jarduteko. Eta eguen eta egubakoitzean berriro Algara ludoteka izango dute jolasleku.
"Euskarazko zerbitzu ludiko batetik abiatuta haurren eskubideei eta beharrei erantzungo dien aisialdi egitasmoa gauzatzea da helburu nagusia", diote ludotekako arduradunek. Eta helburu horiek "jolasa baliabide nagusitzat" hartuta landuko dituzte 3 eta 12 urte arteko herriko neska-mutikoekin.