Arizmendiko neskek epaileen lanarekin haserre hasi dute liga: "Sekulako inpotentzia da horrela galtzea"

Epailearen lanarekin erabat haserre amaitu zuten partidua Arizmendiko neskek, atzo, Ibarran, eta txarrena da liga hasi baino ez dutela egin: "Entrenatzen nabilen urte hauetan guztietan ez dut halakorik ikusi. Epaileak ontzat eman du inork ikusi ez duen gol bat, eta hanka sartu duela aitortuta ere ez du zuzenketarik egin nahi izan", adierazi zuen partidua amaitu berri, amorratuta, Aritz Elortza entrenatzaileak. 

Arizmendiren eta Ilintxaren arteko lehenengo zatian parean  egon ziren indarrak, nahiz eta Arizmendik gola egiteko aukera garbiagoak izan zituen. Bigarrenean, baina, Legazpikoen jaurtiketa batek langan jo zuen, eta ondorengo botea barruan izan zelakoan epaileak gola adierazi zuen: "Ilintxakoek ospatu ere ez dute egin gola, pentsa non eman duen botea, epaileak bakarrik ikusi du beste inork ikusi ez duena". Hor ez zen, baina, zigorra amaitu, protesta egiteagatik Arizmendikoen atezaina kanporatu egin zutelako, eta baita entrenatzailea bera ere (0-1).  

Bergara txarto, Mondra hobeto

Kategoria horretan jokatutako gainontzeko partiduetan Bergarak 12 gol jaso zituen Mutrikun. Mondrak, ostera, etxean hasi zuten liga, eta Eibarren kontra 1-1 egin zuten.   

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.