Oraingoan, ordea, Irati Pagoaga aretxabaletarrak azaldu duenez, "zerbait berezia" egin nahi izan zuten herrian, festen aitzakian. Horrela, elkarretaratzeaz gain, manifestazioa ere egin zuten, aldarrikatzeko "Konponbiderako garai berrietan, baina arazo zaharrekin" jarraitzen dutela. Izan ere, Pagoagaren hitzetan, "ezin da onartu hainbeste preso sakabanatuta izatea, sakabanaketaren ondorioak ez baitituzte presoek bakarrik sufritzen". Horregatik, senideak ere izan dituzte gogoan euren aldarrikapenetan.
Era berean, konponbiderako aukerak ere badaudela gogorarazi nahi izan zieten herritarrei, "giza eskubideen errespetua bakerako giltzetako bat" dela azpimarratuz, baina beste hainbat gako ere badaudela ahaztu gabe.
28 gazteei "babesa"
Bide batez, zapatuko herri bazkarirako, zapi laranjak janzteko deia egin zieten aretxabaletarrei, Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen ari diren 28 gazteei "babesa emateko". Horrela, herri bazkarian bildu ziren ia 500 lagunek "epaiketak bertan behera utziko dituen kolore laranjaz" margotu zuten Aretxabaletako frontoia, Pagoagak azaldu duenez.
Libre ekimenaren baitan, beraz, festa eta aldarrikapena uztartu zituzten aretxabaletarrek zapatuko herri bazkarian, "errekonozitzen ez duten" epaitegiko epaiketei "ezetz" esanez.
Aitziber Plazaolari elkarrizketa
>Zein da zure egoera une honetan?
Epaiketako lehen egunetan, 28ok deklaratu genuen, eta inkomunikatuta egondakoek polizia-etxean bizi izandako torturak azaldu zituzten. Urriaren 6an joan behar dugu berriz Madrilera, eta bertan, torturatzaileak hasiko dira deklaratzen. Tortura testigantza guztiak entzun ostean, uste dut ezin dugula hauek dauden sala berdinean egon. Epaiketa abenduak 18ra arte luzatzea aurreikusten da, eta bitartean, ia astero Madrilera joan eta etorrian ibili beharko gara.
>Nolako erantzuna jaso duzu ingurukoen aldetik?
Herritarrengandik izugarrizko babesa jasotzen ari naiz. Jendea harrituta geratu da, gure militantzia politikoa epaitzen ari direlako. Ez al da hori pertsona ororen eskubide bat?
>Etorkizunera begira, zer?
Epaiketa amaitu eta hilabete batzuetara jakingo dugu sententzia, eta kondena bat badago errekurtsoa etorriko da ondoren, baina prozesua bera zigor bat da. Bitartean, bizitzarekin aurrera jarraitzen dut, baina baldintzatua nagoela ezin ukatu.