Bihar, ostera, doke txapelketa izango da Basotxo aurreko lorategian: erretiratuak, Aretxabaleta kirol elkarteko ordezkarien aurka. Hiru bikotek jardungo dute elkarren aurka. Txapelik ez dute jokoan, baina hamarretakoa bai, galtzaileek ordainduko dute-eta. Ekainean, Kirolez busti jaialdian jokatu zuten lehenengoz elkarren aurka eta orduan UDAkoak izan ziren nagusi. Oraingoan, ostera, ikusi egin behar, erretiratuek entrenatzen jardun dute eta.
Hainbat hitzaldi
Hitzaldiek ere izango dute lekua Kultura Astean. Astelehenean, herentzien eta testamentuen gainean jardungo du Zenbaki aholkularitzako abokatu Naiara Mendibilek, eta martitzenean, Idiazabalgo gazten gainean egingo du berba Felix Ajuriak, Otxandiotik etorriko den artzain eta gaztagile ezagunak. Gaztak aztertu bakarrik ez, dastatu ere dastatuko dituzte.
Eguaztenean, ostera, argazki emanaldia izango da. Basotxoko erretiratuek aurten egindako bidaietako eta irteeretako argazkiak erakutsiko dituzte, orduko bizipenak gogora ekartzeko eta joan ez zirenei egindakoak erakusteko.
Txokolatea eta dantzaldia
Eguenean egoitzako kafetegian elkartuko dira herriko erretiratuak, txokolatea elkarrekin hartu eta dantzan egiteko. H. Kinta y Ku taldeko musikariek girotuko diete arratsaldea eta gura beste dantza egiteko aukera izango dute. Hurrengo egunean, hilaren 26an, ostera, oinetako egokiak jantzi eta Aretxabaletako elizateetan egingo dute buelta.
Eta astea bukatzeko, Kantuz kale ekitaldia dute Eibarko eta Arrasateko taldeekin batera. Herriko bazterretan kantuan jardungo dute, bide batez San Migel jaiak girotuz, eta ondoren elkarrekin bazkalduko dute.
Kultura Asteko egitaraua
Egubakoitza, 19
- Irteera iparraldera: Donibane Lohizune, Miarritze, Baiona.
- Egun-pasa: 08:00etatik 19:00etara.
Zapatua, 20
- Doke txapelketa: UDA-Basotxo norgehiagoka.
- Basotxo aurrean, 11:00etan.
Astelehena, 22
- Hitzaldia: Herentziak eta testamentuak. Hizlaria: Naiara Mendibil (abokatua).
- Basotxon, 17:30ean.
Martitzena, 23
- Hitzaldia: Idiazabalgo gaztak: azterketa eta dastaketa. Hizlaria: Felix Ajuria (artzaina eta gaztagilea).
- Basotxon, 17:30ean.
Eguaztena, 24
- Argazki emanaldia: Basotxoko kideek aurten egindako bidaiak.
- Basotxon, 17:30ean.
Eguena, 25
- Merienda: Txokolate jana eta dantzaldia. Taldea: H. Kinta y Ku.
- Basotxoko kafetegian, 18:00etan.
Egubakoitza, 26
- Mendi ibilaldia: Aretxabaletako elizateak.
- Basotxon, 09:00etan.
Zapatua, 27
- Ekitaldia: Kantuz kale. Basotxoko kantu taldea, Eibarkoa eta Arrasatekoa elkarrekin kalean kantuan.
- Basotxon hamarretakoa, 11:00etan.