Ezetza jaso du Nafarroa kaleko tanatorio eskaerak

Mirari Altube Arrese 2014ko ira. 10a, 08:46

Tanatoriorik ez dute egingo Nafarroa kalean. Hala esan du Donostiako administrazio auzitegiko 1. zenbakiak, eta horren berri eman Ana Bolinaga alkateak, auzokideak lasai egon daitezen. Hala ere, behin behineko erabakia dela argi utzi gura izan du, errekurtsoa aurkezteko epea zabalik dagoelako hilaren 17a arte.

Aretxabaletako Tanatorioa SL enpresak 2012an egin zuen eskaera tanatorioa jartzeko. Nafarroa kaleko 6 eta 8 atarteen artean jarri gura zuen, supermerkatuaren eta jatetxea izandako lokalaren artean. Auzokideak, hori jakin zutenean, aurka azaldu ziren, sinadurak batu zituzten eta udaletxean aurkeztu. Aurka egotearen arrazoirik nagusiena zen etxe artean kokatuta egongo zela.

Udal gobernu batzordeak, bere aldetik, baimenik ez ematea erabaki zuen. Eta enpresak epaitegira jo zuen orduan. Bi urte ostean ailegatu da sententzia, eta atzera botatzearen arrazoia azaldu du Jose Mari Segoviak, Udaleko Hirigintza teknikariak: "Arrazoi urbanistikoa honakoa da: tanatorio zerbitzua ez da komertzio, ekipamendu edo antzeko erabilera duen zerbitzua; industria erabilera duena, baizik".

Hala bada, tanatorioak industria erabilera duela dio sententziak eta Aretxabaletako arau subsidiarioek diote ezin direla batera egon bizileku erabilera duen gunea eta industria erabilera duena. Ondorioz, eta horren arabera, etxez inguratuta dagoen Nafarroa kalean ezingo da tanatorio zerbitzurik jarri.
Erabaki horren berri irailaren 2an eman zuen Donostiako auzitegiak eta Aretxabaletako Tanatorioa SL enpresak hamabost eguneko epea du sententzia horri errekurtsoa aurkezteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak