Belar Meta dendako ugazaba eta Aretxarte elkarteko kide den Uxue Erañak dauka txartelok banatzeko ardura. Hilabetean lau edo bost banatzen ditu, eta edozein denda edo tabernetan sartu eta momentuan barruan dagoen bezero bati ematen dio: "Ezustean hartzen ditut herritarrak. Harrituta geratzen dira guztiak; batzuek txantxa dela ere pentsatu izan dute, baina gero pozik jasotzen dute". Txartel horrek 50 euroko balioa du batzuetan, eta besteetan balio hori duen oparia ematen diete.
Guztira 45 denda eta taberna daude Aretxarten, eta dagoeneko 20 batek eman dituzte. Gainerakoenak hemendik eta azaroa bukatu bitartean jasoko dituzte hautatutako bezeroek.
Ixadebalde irailaren 13an
Bestalde, irailaren 13an, zapatua, egingo dute Ixadebalde merkealdien azoka. Udaberri eta uda sasoiko osagaien beherapenak eskainiko dituzte arropa eta oinetako dendek, eta merkatutako produkturik onenak gainerakoek.