Markel Uriarte: "Igotzea baino, Tourmalet atzeko gurpil gainean jaistea zailagoa da"

Xabier Urtzelai 2014ko ira. 2a, 00:00
Markel Uriarte, Tourmalet gainean, bizikleta jasota lorpena ospatzen; ondoan, lagun bat.

Astebete baino ez da igaro Markel Uriartek (Aretxabaleta, 1991) Tourmalet mendatea atzeko gurpil gainean igo zuenetik –caballitoa egiten, errazago ulertzeko–, eta jada etxean, Orbeako riderrak onartu du uste baino errazago bete duela erronka. Pentsa, hurrengo egunean –zapatuan, hilak 23– ostera ere Tourmalet igo behar zuten Pic du Midira joateko, eta bigarren saiakera egitera animatu zen; eta hori ere bete.

Giharretako minik?

Ez, uste baino hobeto amaitu nuen. Nekatuta, baina giharretako arazo barik.

Gerrialdea, besoak... Ederra esfortzua.

Ipurdiko mina galanta izaten da [Barre]. Hor sufritzen dut gehien.

Aspaldiko erronka zen Tourmalet modu horretan igotzea.

Bai, urtebete neraman kontu horrekin buruan. Iaz lankideekin apustu bat egin nuen, baietz Udala auzora gurpil bakarrean igo. Eta hura ondo egin nuela ikusita pentsatu nuen Tourmaletekin saiatzea. Noski, Udalak lau kilometro ditu eta Tourmaletek, hogei.

Enduro denboraldia prestatzen hasi zinenean larritu egin zinen, zail ikusi zenuen? 

Otsail inguruan proba bat egin nuen, Aretxabaletako auzoetan bi orduz ibili nintzen gurpil bakarraren gainean, eta erabat lehertuta amaitu nuen, bizikletatik jaisteko ere ez nintzen kapaz. Orduan pentsatu nuen benetan zaila izango zela Tourmalet igotzea.

Zorionez, denboraldi hasiera baino ez zen. 

Bai, ordutik asko ibili naiz. Ezin dut seguru esan, baina 500 kilometro inguru egingo nituen gurpil bakarraren gainean, proba hau prestatzeko.

Baina ez duzu entrenamendu zehatzik egin. 

Ez, ez naiz gimnasioan ibili, eta ez zidan kalterik egingo, egia esan. Bizikleta gainean egin dut entrenamendu guztia. Denboraz ere justu samar ibili naiz: ikasketak, lana, enduroko denboraldia...

Ez da gutxi, kontuan izanda zure modalitatea enduroa dela.

Bai, entrenamendu saioek ez dute zerikusirik. Baina, tarteka, egun batzuk caballitoa egiteko aprobetxatzen nituen: Urkulura igo, itzulia eman, jaitsi, Mendiolara igo... Eta halako batean gurpila erortzen bazitzaidan, sekulako haserrealdia hartzen nuen [Barre]. Dena dela, enduroko lasterketetan egindako lanak baino oihartzun handiagoa izaten dute halako erronkek, sare sozialetan eta halakoetan. Horrenbestez, tarteka halako erronkak egin beharko ditugu.

Uztail inguruan jada Tourmaleten izan zinen, mendatea ikusten edo...

Bai, zerbait grabatzeko asmoz joan ginen, mendatea ikusi... Orduan ere igo nezakeen, baina irailerako utzi nahi nuen, eta tarte batzuk gurpil bakarraren gainean igo nituen. Gero, tontorrera iritsita, mendatea caballitoa eginez jaitsi nuen.

Gezurra badirudi ere, akaso, hori izango da zailagoa; hau da, igotzea baino Tourmalet gurpil bakarraren gainean jaistea.

Bai, teknikoki zailagoa da jaistea igotzea baino. Igoera nekagarriagoa da, aldapa gora pedalei eragin behar zaielako, eta ia bi orduko lana delako [1.39an igo zuen]. Igoeran kontuz ibili behar nuen haizearekin, albotik jotzen bazuen, batez ere, eta despisteekin. Eta ia bi orduz erabat kontzentratuta joatea oso zaila da. Hasierako kilometroetan ez nuen arazorik, fresko nindoan, baina mendatearen erditik aurrera nekea igartzen da, eta indarrak gorde behar nituen sustoren bat nuen momentuan erreakzionatzeko gauza izateko. Tontorra gerturatu ahala urduritasunak geroago eta handiagoak ziren. Eta sustoren bat edo beste izan nuen, baina gainditzeko modukoak izan ziren. Bestalde, banekien hiru ahalegin baino ez nituela, egubakoitzekoa, zapatukoa eta domekakoa. Izan ere, ez zuen zentzurik egun berean bi ahalegin egiteak. Leher eginda amaitzen duzulako.  

Eta ze zailtasun du gurpil bakarraren gainean jaisteak?

Jaitsi askoz azkarrago jaisten denez, fisikoki ez da horrenbeste sufritzen. Kontrara, baina, askoz ere zailagoa da bizikleta gainean oreka mantentzea. Hor, atzeko frenoan dago gakoa. Hau da, ezinbestekoa da oreka mantentzeko etengabe atzeko frenoaz jokatzen joatea; batetik, gurpil bakarraren gainean joan ahal izateko, eta bestetik, bizikletak abiadura larregi har ez dezan. Baina malda behera disko-frenoak berotu egiten dira etengabe zapalduz gero, eta frenatzeko gaitasuna galtzen dute. Hala, minuturo frenoa askatu behar nuen eta apur bat hozten utzi, baina ostera ere frenoa sakatzen hasten zarenean ez dago jakiterik frenoak zelan erantzungo duen, noiz helduko dion diskoari. Hala, ukimen onaz ibili behar duzu, oreka mantendu, eta haizea badago kontuz ibili. Eskuin eskuak leher eginda amaitzen du.

Esango nuke bizikleta bat hartu duen edonork egin duela aurreko gurpila altxatzeko ahalegina. Baina hortik eta egiten duzuna egitera... Non dago sekretua?

Jende askok egiten didan galdera da hori. Eta ez dago sekreturik, orduak sartzea baino ez. Duela hamar urte inguru mendiko bizikleta txukun bat erosi nuen, eta orduan hasi nintzen lehenengo saiakerak egiten. Orduan, gogoan dut bi pedalkada ematea demasa iruditzen zitzaidala. Eta hasi nintzen metro bat egiten, gero bi... Eta horrela gaur arte. Batek daki zenbat ordu igaro ditudan gurpil bakarrean ibiltzeko entrenatzen.

Beharrezkoa den teknikaren gainean ere galdetuko dizute lagunek.

Bai, baina azalpenak ematerakoan ere zailtasunak ditut, berez ateratzen zaidalako eta askotan ez naizelako kontziente zelan eusten diodan orekari. Eskuin eskuaz frenoari eutsi, gurpila erortzera badoa pedalei eragin, eta konturatzen naiz hankak etengabe zabaldu eta ixten ditudala. Neuk horrela egiten dut, eta lehen esandako moduan, orduak sartu.

Gurpil bakarraren gainean ibiltzearena alde batera utzita, enduroa da zure espezialitatea, hor entrenatzen zara gogor, eta aurten Enduro World Serietan egon zara, Italian eta AEBetan.

Bai, sekulako esperientzia izan da. Orbeako talde ofizialean nagoelako parte hartu ahal izan dut lasterketa horietan, eta txarrena da otsailerako erabakita izan behar duzula ze lasterketatan egon nahi duzun. Hala, otsailaren 12an eta 13an Italian izan nintzen, La Thuilen, eta uztaileko azken astean Coloradon. Proba erabat ezberdinak ziren, Italian sekulako jaitsierak izan genituen, ikusgarriak, eta paraje ederrak. AEBetan, berriz, ibilbide asko artifizialak ziren; hau da, antolatzaileek moldatutakoak: peralte askoko kurbak, pedalei etengabe eragin beharreko zirkuituak... Gu ohituago gaude Italiako parajeetara, nahiz eta halako jaitsiera luze eta gogorrik ez dugun.

Eta gustura egindako lanaz?

Bai, oso. Italian 400 parte-hartzaile izan ginen, eta 75. postuan sailkatu nintzen. Hainbat eroriko izan nituen, baina halako jaitsiera luzeetan normala da erorikoak izatea, jaitsiera motzenak 1.000 metroko desnibela zuelako. Eta AEBetan 300 bat izango ginen, eta 96. postuan sailkatu nintzen. Hor ere pozik, kontutan izanda halako zirkuituetara ohituta ez gaudela. Gainera, horrelakoetan astebete ematen duzu etxetik kanpora, beste pilotu askorekin ibiltzeko aukera izaten dugu eta horiengandik izugarri ikasten da. Kurbak trazatzeko modu ezberdinak, zelan jaitsi azkarrago... Esperientzia ederra izan da.  

----------

Aralar eta Anboto, hurrengo erronkak

Uriartek onartu moduan, enduroko lasterketetan lortutako emaitza onek baino zorion mezu gehiago jasotzen ditu halako erronkak egiten dituenean; esaterako, Udalatx bizikleta gainean jaitsi eta Tourmaleta igo: "Enduroko lasterketetan gabiltzanon artean badakigu gutako bakoitzak zer egiten duen, baina horrek ez du aparteko oihartzunik izaten. Kontrara, Tourmaleteko bideoa Youtubera igo eta jende askok zoriondu nau. Hori ikusita, tarteka halako erronkak ere egin beharko ditugu".

Datorren urtera begira badu erronka polit bat buruan, baina oraingoz ez du lau haizetara zabaldu nahi, hainbat gauza lotu nahi dituelako. Epe motzera, baina, baditu erronka politak.

Lehenengo erronka, eguaztenean bertan

Eguaztenean, irailak 3, Espainiako Itzuliko etapa Aralarko San Migelen amaituko da, mendatea igota. Eta hor du Aretxabaletakoak hurrengo erronka: "Asmoa da bizikletari aurreko gurpila kendu, bizkarreko motxilara lotu eta mendatea caballitoan igotzea. Egia esan, inoiz ez naiz bizikleta gainean horrela ibili; hau da, aurreko gurpila kenduta, eta inpresioa egingo dit, seguru. Baina probatu egingo dut".

Eta udazkenean Anboto jaitsi nahi du: "Egon naiz nondik jaitsi begira, eta Arrazola aldera posible da %98 bizikleta gainean jaistea. Horretarako, baina, eguraldiak lagundu egin behar du, lainorik ez egotea, siku egotea...".

----------

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak