Batetik, ekitaldia egingo dute egubakoitzean, Herriko Plazan (18:30), bertsolari eta trikitilariekin, "ekainaren 8an lortutakoa Aretxabaletan ere ospatzeko".
Bestetik, aurrera begirako ibilbidea marrazteko ekarpenak jaso gura dituzte "guztiok garelako erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikan ezinbestekoak". Horretarako, galdetegi bat prestatu dute on-line erantzuteko. Egubakoitzeko ekitaldian ere erantzun daiteke.
Hona herritarrei helarazi dieten gutuna:
"Kaixo lagun!
Dagoeneko ia hiru hilabete pasa dira milaka Euskal Herritarrek erabakitze eskubidearen aldeko inoizko mobilizaziorik luzeeeeeena egin genuenetik.
Ziur gaude, ekainaren 8a oroitzapen polita dela guztiontzat. Hemendik aurrera ere, horrela jarraitu nahi dugu, oroitzapen politekin erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bidean urratsak ematen.
Horretarako, bi deialdi edo proposamen luzatu nahi dizkizuegu.
Badakigu erabakitzeko eskubidea gauzatu arteko ibilbidean urratsak eman behar ditugula, eta argi daukagu herritarrok izan behar garela bide horretan aktibo. Ekainaren 8a ez zen amaiera izan, hasiera baizik. Ekainaren 21ean, Euskal Herri osoko herritarrak bildu ziren Arrasateko Amaia antzokian, eta bertan, aurrera begirako ibilbidea marrazteko ORRI ZURI bat proposatu zuten, herriz herri jasotako ekarpenekin osatuko den ORRI ZURIA. Aretxabaletan, orri zuri hori marrazteko, lotura honetan daukazuen
GALDETEGIA betetzeko gonbidapena luzatu nahi dizuegu. Irailaren 5erako jaso nahi ditugu ekarpenak, beraz, zure iritzia bertan plazaratzea eskertuko genizuke.
Bestetik, ekainaren 8an lortutakoa Aretxabaletan ere ospatu nahi dugu eta horretarako, irailaren 5ean Aretxabaletako plazan elkartzeko gonbidapena luzatu nahi dizugu. Modu xumean antolatuta.
Gainera, egunean bertan ere galdetegiak izango ditugu nahi dituenak erantzuteko.
Zure ingurukoei ere deialdiaren berri ematera animatzen zaitugu. Ea Kanpanzarren beste elkartzen garen!
Aurrera jarraitzea GURE ESKU DAGO!
Eskerrik asko!"