Silikosiarengatik aitortza handiagoa, Aretxabaletan jardundako langile bati

Ubane Madera 2014ko abu. 7a, 18:00

Euskadiko Auzitegi Gorenak errekargua onartu die Fundiciones Olazabal Aretxabaletako lantegian lanean ibilitako langile baten prestazioei. A.G.G. langileari aitortutako prestazioetan %40ko igoera, hain justu. CCOO sindikatuak eman du jakitera sententzia eta horrekin batera, prebentzio neurriak eskatu die fundizio alorrean diharduten enpresei.

Sindikatu horrek emandako xehetasunen arabera, A.G.G langileak 37 urte eman ditu Fundicones Olazabal enpresan lanean, 1972tik 2009ra, hain justu. Gizarte Segurantzak 2012an aitortu zion erabateko lan-ezintasuna, lanpostuan silize-hautsa arnastearen ondorioz hartutako silikosiarengatik.

Ez babesik, ez formaziorik

CCOOren arabera, orain kaleratutako sententziak dioenez, langile horrek duen patologiak zerikusi zuzena dauka enpresak egin ez dituen hainbat betebeharrekin. Dio enpresak 2000. urtera arte ez zuela arrisku-mailarik neurtu silizearekin lotuta. Ez ziela langileei gai horren gaineko formaziorik eman. Eta 2006ra arte ez ziola A.G.G. Langileari arnasbideak babesteko materialik eman, besteak beste.

Horri gaineratzen dio langile horren osasun egoeraren zaintza eskasa izan zela, silikosiarekin lotutako protokoloa 2006an, 2007an eta 2010ean bakarrik aplikatu ziotelako. Eta toraxaren erradiografia 2007an bakarrik egin ziotelako.

Prebentzioa

Hori horrela, CCOOko Lan Osasun arloaren arduradun Alfonso Riosek silize kristalinoa erabiltzen duten arloko enpresa guztiei exijitu die egin dezatela beharrezko arrisku neurketa guztiak. Sindikatu horren ustez, horixe da amiantoarena moduko tragediak saihesteko bide bakarra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak