Erdia baino gutxiago ordainduko dio Aretxabaletako Udalak Galdiano enpresari

Ubane Madera 2014ko uzt. 30a, 14:58

Aretxabaletako Udalak eta bertako kiroldegia eraiki zuen Galdiano S.A enpresak akordioa lortu dute, Udalak enpresarekin zituen zorrak kitatzeko. 1.100.000 euro ordaindu beharrean, 400.000 euro ordainduko dizkio Udalak enpresa horri, Ana Bolinaga alkateak uztailaren dagokion osoko bilkuran jakinarazitako moduan. "Negoziazio gogorra baina ona" izan dela adierazi du.

Alkateak berak nabarmendu du hitzarmen horren garrantzia; ez bakarrik kopuruaren jaitsiera nabarmenarengatik; izan ere, Bolinagak jakinarazi du, gainera, Aretxabaletako Udalak iazko jarduneko soberakinarekin egingo duela ordainketa hori: "Irailean 150.000 euro ordainduko diogu, eta urtarrilean 250.000 euro. Zartada handia da, sei hilabetean ordaindu beharrekoa, baina ez da milioi bat euro. (…) Negoziazio ona izan da, gogorra, baina lortu dugu".

Edozelan ere, eta gai horren harira, salaketa bat ere egin gura izan du Aretxabaletako alkateak, aurreko legealdietan izan duten "aurreikuspen eza"; eta adibide moduan jarri du oraindik orain kiroldegiko kontuekin bueltan ibili beharra.

Gazako "sarraskiaren" kontra

Bestalde, osokoak onartutakoen artean, Gaza jasaten dabilen eraso bortitzaren gaineko mozio bat onartu du. PSE-EEk aurkeztu du, eta Aretxabaletako Udala osatzen duten alderdi guztiek aho batez onetsi dutela aipatzeko modukoa da.

Laburbilduz, besteak beste, mozio horren bitartez Gazaren kontrako erasoa gaitzetsi eta Palestinara laguntza humanitarioa bidaltzea adostu dute alderdi politikoek.

Eta adostasun hori modu positiboan baloratu du Aretxabaletako alkateak: "Sarritan ez da gertatzen bai PSE-EEk eta bai EH Bilduk adostutako mozioa aurrera ateratzea, (EAJ ez da egon, baina egongo balitz haiek ere alde bozkatuko dutela pentsatzen dut), Palestinak eta Gazak, konkretuki jasaten ari den sarraskia salatzeko".

Eta alderdi sozialistak ere modu bertsuan baloratu du adostasun hori, eta Jorge de Castro bozeramaileak eskerrak eman gura izan dizkio korporazioari batasun horregatik. Eta Palestinan gertatzen ari denaren harira, "Ameriketako Estatu Batuen eta Europaren inplikazio falta" salatu ditu De Castrok, erasoekin "ikaratuta" dagoela esateaz batera.

Hori horrela, konponbidea negoziazioaren eta elkarrizketaren bidetik etorri beharko litzatekeela adierazi du, giza eskubideekiko errespetua eskatuz.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak