Ainhoa Sanchez: "Afaria da nire momentua, musika jarrita lasai kozinatzea dut gustuko"

Mirari Altube Arrese 2014ko uzt. 15a, 00:00

Ainhoa Sanchez, Aretxabaletako Herriko Plazan.

Modelo lanetan jardun zuen hainbat urtean Ainhoa Sanchezek (Aretxabaleta, 1987) eta Miss Araba eta Miss Euskadi izan zen 2010ean. Azken urteotan telebistan dabil lanean Karlos Argiñanoren alboan, gustura ibili ere.

Ainhoa Sanchez zelakoa da?

Oso alaia, beti nago-eta pozik.

Ze harreman duzu sukaldearekin?

Lan kontuengatik errezeta mordoa ikasi ditut eta gustuko dut sukaldean jardutea.

Zein da zure espezialitatea?

Ez dakit ba… Nik arroza eta barazkiak ditut gustuko. Postreei dagokienez, ez dakit ezer egiten. 

Zertara gonbidatuko zenuke lagun on bat?

Oso zinemazalea naiz; hortaz, zinemara eta afaltzera.

Eta etsairik handiena?

Etsaia? Gogorra da gero hori! Ez dut uste etsairik dudanik.

Zeinekin gustatuko litzaizuke mahaiaren bueltan eseri?

Lagunekin eta mutilarekin beti gustura, baina ospetsu bat esatekotan, Zidanerekin.

Sukaldean jarduteak erlaxatu egiten duela diote batzuek…

Nik ere bai; bizkor bazkaltzen dut, eta afaria da nire momentua. Lasai-lasai kozinatu musikarekin, eta gero lasai afaldu mutilarekin.

Nolatan telebistan aurkezle?

Euskal Telebistako Uyyyyy! saioan hasi nintzen lagun baten bitartez; proba egin eta erreportari lanetan jarri ninduten. Urte pare bat egin, eta Karlos Argiñanoren produkzio-etxetik deitu zidaten gero.

Zer eman dizu modelo izateak?

Lagun onak eta esperientzia bat; bizitzan guztiak erakusten du. 

Zer gurago, modelo ala telebistako aurkezle?

Modelo lanetan ez nintzela ni ikusi nuen, antzezten nenbilela sentitzen nintzen, eta aurkezle nabilenean ni neu naiz.

Argiñanok kontatutako txisteak kontatzen dituzu gero zeuk?

Oso txarra naiz txisteak kontatzen, eta motza, gainera, harrapatzeko. Etxera iritsi izan naiz txiste bat kontatzeko gogoz, eta ordurako ahaztuta daukat.

Zer da telebista munduan gustuko ez duzuna?

Guk Zarautzen grabatzen dugu programa, bertan; hortaz, ez dago ezer txarrik. Okerrena da oporrak ez ditudala gainerakoekin hartzen, besterik ez.

Mundiala jarraitu duzu?

Bai.

Zein jokalari ezagutuko zenuke?

Finalera iritsi diren taldeak ez ditut gustuko; hortaz… Nik Zidane dut gustuko.

Iratxoek hiru desio betetzeko aukera eman dizute.

Nik eta nire inguruek osasuna eta maitasuna izatea… Eta dirua, bidaiatu ahal izateko.

Zure bizitzako anekdota bat.

Ez dakit ba… Karlosekin beti dago zerbait eta beti egiten dut barre, baina eguneroko kontuak dira. Eta kalean ez zait aparteko ezer gertatu, jendea hurbildu izan zait argazkiak ateratzeko, baina besterik ez.

Miss izan zinenean edo orain zara ezagunagoa?

Orain, telebistan nabilenetik. 

Telebistako aurkezle izateko zer da ezinbestekoa?

Naturaltasuna dut gustuko nik.

Damu zara…

Ez dut aparteko damurik. Egindakoak hala erabaki nituelako momentu hartan egin nituen.

Zer errepikatuko zenuke?

Aurretik egin baditut, seguru asko errepikatu egingo nituzke. Zorteduna naizela uste dut eta ez dut inolako kexarik.

Zerk beldurtzen zaitu?

Altuerek.

Etxera iritsi, sofan eseri eta…

Kirola egitea dut gustuko eta segituan joaten naiz kiroldegira edo korrikan egitera. Jenio bizia dut eta deskargatu beharra daukat.

Nora joango zinateke gustura?

Edozein tokitara. Iaz India ezagutu nuen, horren kapritxoa nuelako, eta edozein lekuk balio dit orain.

Ze aholku konpartituko zenuke?

Topera bizi behar dela, azken eguna balitz bezala, eta, are gehiago, oraingo egoerarekin, gazteok dugun etorkizunarekin. Momentua bizi eta positiboak izan.

----------

Aukeran...

Lehen platera: Arroza, edozein eratara.

Bigarrena: Barazkiak; kalabazina, esaterako. 

Postrea: Flana. 

Edatekoa: Ura. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak