Diru kontuak "ondo" daudela jakinarazi zieten zuzendaritza batzordeko kideek: "Bertikal babesle berriak erraztuta eta ohiko babesleek hutsik egin barik". Ekintzaz betetako egutegia izan dutela gaineratu zuten: "Kirol elkarte bat izateko ekintza egutegi zabala izan dugu urtean zehar, horien artean daude taldeen aurkezpena Herriko Plazan, buzkantza dastatzea, eta emakumeen frontenis txapelketa. Eta Aretxabaleta Kirolez Busti ekimenarekin borobildu dugu". Era berean, oraindik egiteko dituztenak aipatu zituzten: moda desfilean parte hartu; saiheski dastatzea; eta Futbol 7 txapelketa uztailean.
Komunikazioari dagokionez pauso garrantzitsuak eman dituztela jakinarazi zuten: "Sare sozialetan gure presentzia klub handien tankerakoa da ia-ia. Jarraitzaile kopurua eta www.udaretxabaleta.com-era bisita kopuruak itzelak dira. Milaka astean".
Bestalde, harremanei dagokionez, "herriko elkarteen eskutik" doazela ahal duten guztietan jakinarazi zuen, eta "oso harreman estua" dutela.
Datorren denboraldia
Datorren denboraldian berrikuntza nagusiena futbol eskolako umeen inguruan izango dela iragarri zuen Merinok: "Multikirolaren gabezia estaltzen saiatuko gara, haur guztiei beste kirol batzuk egiteko aukera eskainita. Futbol eskolan urtero 50 umetik gora ditugu, baina haurren mailara heltzerakoan 20k bakarrik joka dezakete legez futbolean UDAn. Futbola utzi behar izatea traumatikoa izaten da umeendako eta beste kirol batzuekiko afizioa eta gogoa erakutsi nahi diegu lehenago". Hala, beste kirol batzuk egiteko aukera emango diete elkarteko beste sailen bitartez, eta horiekiko afizioa sustatzea izango da elkartearen helburua.
Ohorezko bazkidea
UDAko zuzendaritzak erabaki du ohorezko bazkideak izendatzea hemendik aurrera, eta lehenengoa Hector Prieto da. "Pasion Celeste blogaren bitartez emandako laguntzagatik (partiduen kronikak, UDAren historiako kontuak…). Eredua da guztiontzat, fenomeno bat!", zioen Merinok. Txalo zaparrada jaso zuen horrek, eta hunkitu egin ziren asko.
Ez zen izan batzarreko une hunkigarri bakarra. Liberian grabatutako bideoa eta argazkiak bota zituzten gero, bertara bidalitako ekipamenduak erakusteko: "Bazkide batzuek esan ziguten UDAkoak izateaz oso harro sentiarazi genituela", zioen presidenteak.