Bigarren aldiz emango dituzu patroigintza ikastaroak, ezta?
Bai, iaz izugarri gozatu genuelako antolatu dugu berriro. Ia jende berria ere animatzen den! Izugarria da niretzako ezer ez dakitenek zein sorpresa eramaten duten ikustea, beraz, ez galdu aukera eta parte hartu.
Zer da patroigintza?
Patroigintza niretzat pasio bat eta orain poliki-poliki ogibidea! Eta teknikoki, nola esan; jantzia bera planoan, bolumena hartu aurretik. Patroia da oihalaren gainean jartzen dena, oihala nondik moztu jakiteko.
Zer erakutsiko duzu?
Bi ikastaro daude: lehenengoa, Patroigintza Zero, ezer ez dakitenentzako. Gorputzaren patroi basea nola egin ikasiko dugu. Gure neurrietara moldatu eta lehenengo proba josi.
Bigarren ikastaroa, aldiz, zerbait dakitenentzako da edo lehenengoa egin eta jarraitu nahi dutenentzako. Coco Chanel diseinatzaileak sortu zuen Petite robe noire jantziak moda munduan zein esangura duen ikasiko dugu. Hala, soinekoaren patroia atera, gure neurrietara moldatu eta prototipoa egingo dugu oihalean. Coco Chanelek bere barne borroka askatzeko erabili zuen moda eta gustuko dut estetika gainditze hori.
Ikastaroen ostean norberarendako zerbait josten jakingo dute parte hartutakoek?
Bai noski. Janzten ditugun kamiseta eta soineko asko gorputz baseak dira, transformazio handirik gabekoak, ikastaroan egingo ditugunak bezalakoak.
Lantxo bat egin duzu Zergatik arropa etxearendako, ezta?
Bai! Dantza garaikidea egiten duen Dantzaz Konpainia taldearentzako jantziak egin ditugu. Donostiako Fnacen ikusgai daude.
Eta zeure marka ere sortu duzu: Modubat. Zein asmorekin?
Modubat da moda ulertzeko nire modua. Estetika ez kontzientea bultzatu nahi duena, ongizatea zentzu guztietan bilatu nahi duena, emozioak kontuan hartuta. Iraunkortasunean sinesten duena. Slow fashion mugimenduarekin bat egiten duena. Niretzat moda da adierazpen eta komunikaziorako bide berri bat, emozioekin bat etorri behar duena, izateko dugun moduarekin. Jantziaren ideia izatetik berau gauzatu arteko prozesu guztia nik neuk egiten dut.
Laster zeure diseinuak jantzi ahal izango ditugu?
Dudarik gabe! Azarorako lehen jantziak salgai jarri nahi nituzke.
Besterik esan gura baduzu…
Ekintzaile izateko familia eta lagunak behar beharrezkoak direla. Eta nik zorte hori dut. Mila esker handi bat eman nahi nieke beste behin, apartak direlako guztiak!