Kurtzebarri eskolakoek jai giro ederra izan zuten zapatuan. Lehenik, kalejira egin zuten batukada eta hankapaloekin. Ondoren, 'Bihotzez ikasi' flashmob-a eta ikuskizuna Herriko Plazan. Indarrak hartzeko: bazkaria, 500 lagun elkartu ziren. Arratsaldea, berriz, musikak eta Potx eta Motx pailazoek alaitu zuten. Guraso, ume eta irakasle, guztiak elkartuta, giro aparta izan zuten. Gurasoen ekarpena eskertu dute zuzendaritzatik.
Zapatuan egin zuten Kurtzeberri eskolako ume, guraso eta irakasleek jaia eta primerako giroa izan zuten. Goizean kalejira egin zuten herriko kaleetan zehar batukada eta hankapaloekin. Guraso eta irakasleek osatzen dute batukada. "Iaztik asko hobetu dute, primeran egon da", zioten hainbatek.
Kalejiraren ostean, plazan elkartu ziren guztiak. Bihotzez ikasi flashmoba eta ikuskizun berezia egin zuten su eta guzti. Ondoren, bazkaria izan zuten Iturrigorri pilotalekuan. 500 lagun elkartu ziren, paella janerako.
Arratsaldean ere aparteko giroa izan zuten. Musikak lagunduta asko eta asko aritu ziren dantzan pilotalekuan. Egunari amaiera, Potx eta Motx pailazoek eman zioten.
Zuzendaritzarik eskerrak eman nahi izan dizkiete bereziki gurasoei. "Euren inplikazioa ikaragarria izan da, baita ume eta irakasleena ere".