Mitarte kalean elkartuko dira Leizarrako musikari gazteak, 19:00etan. Hainbat taldek eskainiko dute emanaldia, eta guztietan gitarra doinuak izango dira protagonista, gitarra klasikoak eta elektrikoak. Eta horiei lagun egiten egongo dira bateria, pianoa eta trikitia beste instrumentu batzuen artean; baita ahotsa ere kantu batzuetan.
'Urrun erreinua' txotxongiloak
Eguaztenean, hilak 11, ostera, txotxongiloak izango dira protagonista kalean. El Tenderete-TTR taldeak Urrun erreinua eskainiko die 6 eta 10 arteko neska-mutikoei, Gipuzkoa plazan (19:00). Aldartek, Lesbiana, Gay eta Transexualen arreta zentroak, abian jarritako Txotxongiloak aniztasunaren alde delako kanpainaren barruan sortutako lana da, eta familia egitura eta gizarte eredu ezberdinen arteko elkarbizitza sustatzea du helburu.
Bandaren emanaldia 13an
Datorren egubakoitzean, ostera, musika eskolako bandaren kontzertua izango da Arlutz osteko kantxan.
Eta eguaztenean, hilak 18, Bihar txotxongilo taldeak Ipuin magikoak lana eskainiko die neska-mutikoei, Santa Kurtz kaleko plazatxoan.
Hilaren 20an, ostera, arpa eta perkusio emanaldia izango da Gurearen atzeko plazan; Ana Artetxe izango da arpan eta Iñaki Letamendia perkusioan.