Gaztetasuna nagusi beteranotasunaren aurrean

Mirari Altube Arrese 2014ko eka. 2a, 12:27

Futbol partidu bizia jokatu zuten UDAko neska beteranoek eta Arizmendi kirol elkarteko kadeteek Ibarran, zapatu arratsaldean. Neska beteranoek botatako erronkari erantzun zioten hala ohorezko kadeteen mailara igo berri diren Arizmendiko gaztetxoek. Umore ona izan zen lagun, baina irabazteko ahaleginetan jardun zuten bi taldeek.

Igor Arenazaren gidaritzapean egin zituzten entrenamendu saioak neska beteranoek eta partidurako gaztetxoagoen laguntza eskatu; hala, Arizmendiko senior taldean dabilen fitxaketaren bat edo beste egin zuten eta futbola utzi berri duten pare bat ere elkartu ziren.

Arizmendiko kadeteek, ostera, Alberto Garro izan zuten entrenatzaile eta denboraldia bukatu berri daudenez ez zuten aparteko entrenamendu saiorik egin beharrik izan.

Hasieratik aurreratu ziren kadeteak eta markagailuan 2-0 zela joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian hirugarren gola sartu zuten, baina beteranoek ez zuten amore eman gura eta baita gola iritsi ere. Azkenean 4-2 nagusitu ziren gazteak. Hala ere, jokatzeko gogoz geratu ziren antza, eta penaltiak jaurti zituzten bukatzeko.

Ikusleak ere hurreratu ziren talde bateko zein besteko jokalariak animatzeko, eta umore ona, lagun giroa eta futbola izan ziren nagusi Ibarran. Beteranoak, hala ere, ez dira konforme geratu eta udazkenean errebantxa hartu gura dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak