Oporretatik bueltan, landarea zapal: "Ur falta izango zela pentsatu genuen". Eta handik gutxira arrautza bat, eta bigarrena laster: "Hasieran usoa gutxi egoten zen arrautzekin, eta gu sukaldean sartzen ginen bakoitzean ihes egiten zuen. Baina egunak pasa ahala, ez dakit konfiantza hartu zuen edo ordura arte hain beharrezkoa ez zuen, sarriago egoten hasi zen".
Luzaro egoten zen egunez, baina gauean sukaldeko argiarekin alde egiten zuen, eta arrautzak bakarrik geratzen ziren, ustez. Baina ohitu zen sukaldeko argira ere, eta gauez ere bertan.
Eta zer, eta noiz, izango hurrengo kapitulua? Hasi ziren Maitaneren ingurukoak ere usapalen ugaltze prozesuaz interesatzen: "Lagun batek Interneten begiratu eta ez dakit zenbat egunetara jaioko zela lehena. Hamazortzi egun-edo esan ziguten, eta hogei egunera jaio zen".
"Usoak bikotea direla uste dugu". Eta txandaka zaintzen ei dute txita: "Deitu egiten diote elkarri, eta etortzen dira". Oso gutxitan egoten ei da uso txikia bera bakarrik. "Eta hainbesteko konfiantza hartu dute, uzten digute ukitzen".
Aialak ez du uste bigarren txita jaioko denik: "Bestea nahiko handi dago". Ea lehen hegaldia zuzenean ikusteko zortea ere baduten. A zer gauza, telebistarik piztu gabe!