Denetara, zazpi talde batuko dira: Oñatz (Oñati), Lore Gazteak (Arrasate), Txikitxu (Arrasate), Urrats (Soraluze), Oinarin (Antzuola), Eskoriatzakoa, eta antolatzaileak, Aretxabaletako dantzariak.
Leizarra Musika Eskolako arduradun Mariatxen Urkiak azaltzen du Eskoriatzaren parte-hartzea nondik etorri den: "Orain dela urte asko, Eskoriatzan ere bazeukaten dantza taldea, baina gero musika eskolak hartu zuen bere gain horren irakaskuntza. Komentatu genien ea eurek ere parte hartuko zuten, eta baietz esan ziguten". Zehazki, Eskoriatzako 11 ume dantzari etorriko dira Aretxabaletara.
Ikasi dutena erakutsi
Adin askotako ume eta gaztetxoak ibiliko dira; Aretxabaletako taldekoak, adibidez, 5 urtetik 14 urtera artekoak dira. Ikasturtean zehar ikasi dutena jendaurrean erakusteko modua izango dute domekan, banaka eta denek batera.
Eguna 10:30ean hasiko da, Herriko Plazan, harrerarekin; 10:45ean, hamarretakoa hartuko dute; 11:30etik 13:15era, talde bakoitzak bere erakustaldia egingo du. 17:00etan, Herriko Plazan denek batera alardea egingo dute.