Idoia Elexpuru zelakoa da?
Oso emakume irekia, espontaneoa; gero eta beldur txikiagoa duena, gero eta ausartagoa dena.
Zein harreman daukazu sukaldearekin?
Jatun ona naiz, ia guztia dut gustuko. Sukaldean jardutea ere gustuko dut, baina denbora dudanean; abuztuan, esaterako.
Zein da zure espezialitatea?
Uda sasoian entsaladak, osagai asko dituzten entsaladak.
Zertara gonbidatuko zenuke lagunik onena?
Etxe txikia dut, eta txokora eroango nuke; eta entsalada ezberdin bat gertatuko nioke.
Eta etsairik handiena zertara?
Ez nuke ezertara gonbidatuko.
Zeinekin gurako zenuke mahaiaren bueltan eseri?
Bruce Springsteenekin.
Merkataria, pintura irakaslea… Zure lanbidea zein da?
Denda aurrera ateratzea da nire lehentasuna. Oso gustuko dut dendan egotea, erakusleihoa txukuntzea… Gero, pintura eskolak ematera joaten naiz Aramaiora, eta gustuko dudan bigarren esparruan jarduteko aukera ematen dit horrek.
Zergatik merkatari?
Norbaitek animatu ninduelako egun batean… Aukerak hor egoten dira, eta horiei heltzera ausartu edo ez da kontua.
Gustuko dituzu moda kontuak? Asko jarraitzen dituzu?
Bai, gustuko ditut. Jarraitu? Moda kontuetan zer datorren guk jakiten dugunez lehenengo, abantaila izaten dugu.
Zure lanbidean gustuko ez duzun ezer badago?
Paper kontuak eramatea.
Gustuko duzun dendarik?
Denda bereziek ematen didate atentzioa: zelan dagoen dekoratuta, erakusleihoa zelan dagoen jarrita, xehetasun txikienak zelan dituen zainduta… 60ko hamarkadako ukitua dutenak, esaterako.
Merkatariaz gain, margolaria. Zein garrantzia du horrek zure bizitzan?
Pintura sortzea da, eta erakusleiho bat prestatzea ere bai. Erakusleihoa jende gehiagorengana iristen da, pinturak sarritan etxean geratzen direlako gordeta. Pintura artea da eta erakusleihoa prestatzea ere artearekin lotu dut.
Merkataria edo margolaria, zeinek betetzen zaitu gehiago?
Biek.
Eta, gainera, irakasle ume artean; esku ona duzu umeekin?
Bai; 14 urte daramatzat Aramaion, eta aurretik Aretxabaletan. Gozatu ederra hartzen dut umeekin.
Iratxoek hiru desio betetzeko aukera eman dizute...
Dendatik bizi ahal izatea; osasunak lagun egitea; eta… Bruce Springsteenen kontzertu bat lehenengo ilaratik ikustea.
Anekdota bat.
Orain dela aste batzuk tomate-landareak erosi gura zituela esanez etorri zitzaidan erretiratu bat dendara. Aitak ortu txiki bat dauka dendaren atzeko partean, eta han ikusi zituen. Eta saldu egin nizkion. Lagun batek esan izan du GKE baten antzeko topagunea dela denda, eta ez dabil txarto…
Merkataritzan zer da ezinbestekoa?
Aktiboa izatea; beti adi egon behar da: zer datorren, zer aldatu…
Damu zara…
Ez daukat ezeren damurik.
Zer errepikatuko zenuke?
Neuretako denbora hartu eta pintura eskoletara joan.
Zerk beldurtzen zaitu?
Denda ezin aurrera ateratzeak.
Lanetik etxera iritsi berri, sofan eseri eta…
Telebista ikusi; horixe da telebista ikusteko nire momentutxoa.
Nora ospa egingo zenuke gustura?
Bero egiten duen norabait; Fuerteventurara, esaterako. Astebete bakarrik, liburu eta hamaka batekin.
Ze esaldi konpartituko zenuke?
Beti esaten dudana: Pozik bizi!