Goiz parteko lasterketak bukatutakoan –ume eta gazteenak lehenengo, helduena gero–, sari banaketa ekitaldia egingo dute (12:30), zelaian bertan. Eta ondoren hasiko da erromeria. Animaliekin jolasak izango dituzte neska-mutikoek 13:00etan: pottokak; oilarra; zerrikumea; eta bigantxa txikiak.
Bien bitartean, paella txapelketa hasiko dute (izena aurrez eman behar da Arkupen, 5 euro ordainduta). Antolatzaileek jarriko dituzte arroza, olioa, tipula, berakatza, koloratzailea eta gatza, baita sua ere; gainerako osagaiak norberak eroan beharko ditu. Itxaronaldia Leizarra musika eskolako trikitilariek girotuko dute eta gura beste sagardo ere egongo da.
Bazkaltzen hasi aurretik paellak dastatuko dituzte epaimahaiko kideek eta hiru onenek saria jasoko dute: lehenengoak, 100 euro; bigarrenak, 70 euro; eta hirugarrenak, 50 euro. Paella egiteko asmorik ez dutenek etxetik eroan beharko dute jatekoa eta antolatzaileek mahaiak eta aulkiak jarriko dituzte.
Disko festa eta dantzariak
Arratsalde partea musikak girotuko du. Euskal kantuen disko festarekin hasiko dira (16:00) bazkalosteko ekitaldiak, eta gero Leizarra musika eskolako dantzarien erakustaldia etorriko da herriko txistulariek lagun eginda (18:00).
Aurtengo erromeriari euskal disko festak jarritako doinuekin dantzan eginda esango diote agur Otala Zelain elkartutako ume, gazte, heldu eta nagusiek.