Gaur egun, Afrikan eta Amerikan bizi dira menonita gehienak; aurrerapen teknologikoei uko egiten diete, janzkera berezia dute eta komunitate asko XVI. mendean bezala bizi dira; ez da, baina, hori Nolt familiaren kasua. "Facebook, ordenagailuak... Autoa ere badute", dio Barrainkuak.
Familia handiak izan ohi dira; Nolt familian zortzi seme-alaba dira: "Hori bai, etxean guztiek laguntzen dute. 4 urteko alaba ontzi garbigailutik platerak-eta ateratzen ikustea kuriosoa da", dio Barrainkuak.
Biblia, oinarria
Biblia da euren bizimoduaren oinarria, eta elizan ere denbora luzea pasatzen dute. "Gutxienez, astean bitan joaten dira elizara eta mezak bi ordukoak izaten dira. Bestela ere, egunero irakurtzen da etxean biblia", gaineratu du gazte aretxabaletarrak. Jainkoari eskertzeko, musika oinarrizko elementua da familia menonitetan: "Asko abesten dute, eta primeran, gainera. Sekulako ahotsak dituzte, instrumentuak jotzen dakite... Nolt familiak baditu bi disko grabatuta dagoeneko", dio Barrainkuak.
Ezkontza
Emakume menonita batekin ezkondu da etxeko seme zaharrena, Aste Santuan: "Zeremonia oso polita izan zen; abesti askorekin, ikaragarri polita. 400 gonbidatutik gora izan ginen... Primeran pasatu nuen", dio, irribarrez, Barrainkuak.