'Andaluziatik Thailandiara, poliki-poliki bizikletan' abenturaren berri eman zuen atzo, Urbaltz elkartean, Zigor Lasagabasterrek. Lagun, senide eta herrikide asko elkartu ziren haren kontuak entzuteko gertu, baita gustura entzun ere.
Maria Caro bikotekide granadarrarekin batera egindako bidaiaren berri eman zien Lasagabasterrek, 2012ko irailean Cadizetik irten eta Tailandiara iritsi bitartekoa hain zuzen ere. 2014ko martxoan itzuli egin ziren, baina Maria Caro dagoeneko joana da Tailandiara berriro, eta Lasagabaster astelehenean joango da: "Oraingoz, ekaina bitartean, Tailandian geratuko gara, Maria masaje ikastaro bat egiten dabilelako bertan", jakinarazi digu Lasagabasterrek, eta gaineratu: "Gero zer? Astean jaso ditut Indiako eta Nepaleko mapa batzuk eta behar bada harantz egingo dugu; baina jakin ez, ez dugu ezer zehaztuta-eta".