Loramendiko gazte taldea lehen pausoak ematen hasi da

Mirari Altube Arrese 2014ko api. 29a, 13:41

Aretxabaletako gazteak Arrasatetik etorritakoekin lehen bileran.
Gazte taldea sortu gura du Loramendi elkarteak, eta nahi horrek lehen pausoa eman du hilabete honetan bertan. Lehenengo bilera egin zuten gazteekin apirilaren 10ean, eta hurrengo hitzordua zehaztu: maiatzaren 4a, domeka, 17:00etan, udaletxe zaharrean. 14 eta 18 urte arteko gazteek atea zabal-zabalik topatuko dute.

Loramendiko kideak aspalditik zeuden hori egiteko gogoz eta abendua ezkero martxan jartzekotan zebiltzan, Loramendiko bertako aisialdi taldeko hainbat lagunekin. Kontu bat lehenengo eta beste bat gero, atzeratu egin da, baina sekula ez da berandu fruituak gozoak direnean, eta, hala, emaitza bikainak lortzeko asmorekin, dagoeneko jarri dute abian gazte taldea. "Gazte euskaltzale asko dagoela herrian ez dugu zalantzarik, eta horiei biltzeko gune bat, topaleku bat, eskaintzeko gogoz geunden. Sarritan, geuk, helduok, antolatzen ditugu eurendako ekitaldiak, eta uste dugu gazteek antolatu behar dituztela gazteendako kontuak, iniziatiba eurek izan dezatela", dio Josu Retolatzak, Loramendi elkarteko arduradunak. Eta gaineratu du: "Sarritan, mezu negatiboekin ibiltzen gara: gazteek ez dute ezer egiten… Eta egin gura dutenei lekua eskaini gura diegu guk". Gazte horiek Ibone Arrieta eta Jon Ander Alberdi aretxabaletarrak izango dituzte lagun, dinamizatzaile legez.

Arrasatearren gonbidapena

DBHko hirugarren eta laugarren mailetako eta batxilergoko ikasle guztiek jaso dute egitasmoa ezagutzera joateko gonbidapena, 14 eta 18 urte arteko herriko gazte guztiek. Lehenengo bileran gutxi batzuk elkartu ziren, baina baita elkartutakoak aurrera egiteko gogotsu agertu ere. Gainera, aparteko lagunak izan zituzten bilera hartan, Arrasateko Ttak gazte taldeko Maite, Iñaki eta Danel. 2010ean sortu zuten Ttak, hamaika bat lagunen artean, eta ordutik hona makinatxo bat lan egin dituztela jakinarazi zieten: ospakizunak, irteerak, Atarrabiako gazteekin elkartrukea, euskararen aldeko jaietan lagundu, txosna batzordean parte hartu… Egun, hogei bat lagun elkartzen dira Ttak taldearen inguruan, hiru belaunaldi; hala ere, jakinarazi zieten ez direla lagun asko behar halako kontu bat martxan jartzeko: "Zerbait antolatzeko hiru lagun nahikoa dira, eta gero zuen arrimuan hurbilduko dira gehiago. Gainera, ez dago zertan kuadrilla osoa etorri".

Arrasatearrek aurrera egitera animatu zituzten, baita euren bilera eta ekitaldietara gonbidatu ere: "Maiatzaren 11n Herri Urrats da eta inguru horretara joateko asmoa dugu aste bukaera pasa. Animatuz gero esaiguzue, pozik hartuko zaituztegu".

Euskerien Egunerako laguntza

Elkartutako gazteek gustura entzun zituzten arrasatearrek esandakoak, eta irteerak eta elkartrukeak egiteko gogoa agertu zuten. Lanerako ere gertu azaldu ziren, eta maiatzaren 17an egingo den Euskerien Eguna izango da hori erakusteko aproposa. Retolatzak, gainera, egun horretako egitaraua aurreratu zien: "Aurtengo Euskerien Egunerako pentsatuta daukaguna da: kuadrillen arteko olinpiadak; umeendako jolasak; bertso poteoa; herri bazkaria; bazkalostean bingoa; elektro-txarangaren kalejira; street boulder txapelketa; eta larrain-dantza 01:00 aldera".

Ekitaldiotan laguntzeko gertu agertu ziren gazteak; hurrengorako, maiatzaren 4rako, hasiko dira kontuak zehazten. Ordurako, gainera, lagun gehiago elkartzeko asmoa dute. Eta Arrietak herriko gazte guztiak gonbidatu gura izan ditu: "Kuadrillakoek lagundu ez arren gogoa izanez gero hurbildu taldera beldur barik; giro ona dugu eta guztion artean zerbait polita sortuko dugu, seguru!".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak