Debagoieneko bertso-harrobia bermatuta dagoela erakutsi dute bertso-eskolen topaketan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2014ko api. 11a, 20:35

Aretxabaletako Murualde elkartean egin zuten lehenengo bertso eskolen topaketa egubakoitzean
50 bertsozale giro onean batu dira, gaur, egubakoitza, Aretxabaletako Murualde elkartean Lekaixoka bertso-eskolak antolatutako bertsolari gazteen topaketan. Arrasateko, Aramaioko, Oñatiko, Aretxabaletako eta Bergarako bertso-eskoletako gazteak ziren bertan. Ikusi eta entzundakoaren arabera, ibarrean lehenekoz antolatutako topaketak izango du hurrengorik; izan ere, ordubete inguruko saioa bukatuta bertsotan jarraitzeko gogoaz sumatu ditugu-eta.

Elkar ezagutu eta eskola bakoitzak egiten duena partekatzea zuen helburu topaketak. Merienda goxoa egin eta tripa bete ondoren, bertso erakustaldi ederra egin dute eskola batek hurrengoari lekukoa hartu eta emanda.

Eskola bakoitzak, bere estiloan

Bergarakoei egokitu zaie izotza apurtzea hasierako agur bertsoak botata. Aramaioko eta Arrasateko bertsolariak izan dira mikroa hartzen hurrengoak eta bi taldetan banatuta egin dute euren saioa. Lehenengo taldeak, Arrasateko historiaren murgildu gaituzte eta, besteak beste, Arrasateko dragoiaren kondaira kontatu dute bertsotan, Xabi Igoa irakasleak gidatuta. Ane Zuazubiskarren taldeak borobildu du Arrasatekoen jarduna, herrien arteko pikeak umorez kantatuta. Atxabaltarrei, daukaten onena, Arrasateren ondoan daudela esan diete, Oñatiarrei ostera, parrandero hutsak direla, astero ospatzen dituzte-eta herrian jaiak. Umorez eta txaloz erantzun diete adi-adi entzuten zieten gainontzeko eskolakoek.

Aretxabaletako eta Oñatiko eskoletako kideen erakustaldiaren aurretik, aurkezle lanak egin dituen Eneko Beretxinagak, Bertsozale elkarteko ordezkariak, potokumeak jolasa egitea proposatu die bertsolari gazteei eta jarlekuetatik segituan altxatu dira eskola bakoitzeko hiruzpalau kide, gai-jartzaileak botatako bertsoen oinak asmatzera.

Jolasa bukatuta, Aretxabaletakoek hartu dute lekukoa eta Beretxinagak lau oinak emanda, bapateko bertsoak egin dituzte tenple onean, Haizea, Oihanek eta Manixek. Ofiziozkoa proposatu die gero elkarrekin oporretan nora joan ezin adostu zenbiltzan hiru lagun zirela esanaz. Ederto erantzun dute hirurek, batek Zarautzera, bigarrenak Hawaira eta hirugarrenak Himalayara joan gura zuela kantatuta. Entzuleek harriduraz begiratzen zieten, ordurararteko erakustaldietako bertsoak aurrez prestatutakoak baziren, Lekaixokoek bapatean ari ziren-eta. Ez da baina hor bukatu Aretxabalekoen saioa, beste hirukote batek, bakoitzak musika tresna eskuetan hartuta (gitarra, biolina eta tinbala) euskarari eta euskaraz bizitzeari buruzko bertso-musikaktuak egin dituzte-eta.

Maider gidatutako Oñatiko eskolako sei neskek agurtu dute topaketa; saioa hasteko bertsoak bazituzten ere, aurkezlea nahastu eta saioa hasteko prestatuta zituzten bertsoak bota dituzte. Txantxikuarrek ere, entzuleei irribarrea atera die, besteak beste, oñatiar euskalkian kantatu dutela-eta.

Hurrengoan gehiago

Gustura jardun dute bertsotan eta gustura horiek entzuten Murualde elkartean batutakoak. Hurrengoa non eta noiz izango den zehaztu barik, guztiek erakutsi dute horrelako topaketa gehiago egiteko gogoa eta baita euren herrian antolatzeko ardura hartzeko prestutasuna.

Gazteen txanda bukatuta, helduek hartu dute lekukoa; ez dute baina, gazteek besteko erantzuna lortu, Aretxabaletako, Arrasateko eta Eskoriatzakoak batu dira-eta bakarrik. Trikitilarien laguntzarekin, bertso poteoa egin dute eta afariarekin borobilduko dute gero, Debagoieneko Bertso-eskolen arteko topaketa.

Erlazionatuak

BIDEOA: Bertsolari gazteen topaketa

Goiatz Arana Begiristain 2014 api 14 Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak