Euskararen Eguna ospatu dute Kurtzebarri institutuko ikasleek. Lehiaketarekin hasi dute eguna, gero Lekaixoka bertso eskolakoen bisita izan dute 12 eta 14 urte artekoek, eta Oihan Vegarena 14 eta 16 urte artekoek. Bukatzeko kontzertua eskaini dute ikasleek Herriko Plazan.
Bertso eskolakoek saio dibertigarria eskaini diete. Bertan izan dira Oihana eta Haizea Arana Lekaixokako gazteen taldeko kideak eta Martin Berrizbeitia helduen taldekoa. Horiez gain Ane Zuazubiskar, Xabi Igoa eta Maddi Sarasua bertsolariak izan dituzte lagun bat-bateko saioan. Eta eskolako ikasleek bertso musikatuak eskaini dituzte.
Oihan Vega irrati esatari eta disko jartzaileak, ostera, komunikabideen gaineko gorabeherak kontatu dizkie.
Eta eguna bukatzeko musika izan dute lagun. Batetik, txirula doinuak eta bestetik, rock doinuak. Hona rock kontzertua eskaini duten taldeak: Txerrikumeak, Baztertuak, Laika futbool dream, Kalaña eta Nazkatuta.