Ikurrina omenduko dute gaur, egubakoitza, Aretxabaletan

Mirari Altube Arrese 2014ko api. 10a, 17:51
Ikurrina udaletxeko balkoian.
Joan den eguenean hasi zituen Udalak ikurrinaren aldeko ekitaldiak eta gaur, egubakoitza, omenduko du (18:30). Plazako ikurrinaren ordez berria jarriko dute eta plaka bat ere bai. Bukatzeko mosaikoa osatuko dute elkartutakoek.

Joan den eguenean hasi zituen Udalak ikurrinaren aldeko ekitaldiak. Hogei zinegotzitik gora elkartu ziren orduan, Espainiako banderaren "inposaketa" salatu eta "geurea" ikurrina dela aldarrikatzeko. Izan ere, astelehenerako jarri beharko dute Espainiako bandera zintzilik udaletxeko balkoian eta horren aurretik ikurrina omendu gura izan dute Udal ordezkariek.

Omenaldi ekitaldia gaur izango da, Herriko Plazan (18:30). Plaza barreneko mastan dagoen ikurrina berri bategatik ordezkatuko dute: "Eta inposaketaren salaketaren adierazpena jarriko dugu plaka baten bitartez", jakinarazi du alkateak. Ikurrina berriari dantzan egingo diote gero eta bukatzeko mosaiko bat osatuko dute elkartutakoek.

Era berean, etxeko leihoetatik ikurrinak zintzilikatzera gonbidatu dituzte herritarrak Aberri Egunera bitartean.

EAJkoek parte hartu ez

EAJko kideek, ostera, erabaki dute ez parte hartzea ikurrinaren aldeko ekitaldiotan. Diote Espainiar bandera "ez dela aretxabaletarrena" eta horren "inposaketa" beti salatu dutela. Baina gaineratu dute gogora ekarri behar direla Madrilgo erabakiak derrigorrez betetzeagatik aurreko agintaldietan "ez-ulertuak" eta "irainduak" izan diren hautetsiak. Eta diote hala eskatu arren udalbatzarreko gainontzeko alderdiei, "ezetza" jaso dutela. Horregatik zera diote: "Erabaki berbera betetzera derrigortuak izan diren herriko hautetsiak babesten ez dituen Udalak antolatu dituen banderaren inguruko ekitaldiak ez ditugu babestuko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak