Boccia txapelketa egin dute Aretxabaletako GSRn

Julen Iriondo 2014ko api. 5a, 00:00

Tafyd-eko gazteak, zenbait boluntario eta GSRko egoiliarrak eta langileak, txapelketa amaieran.
Tafyd-en praktiketan ari diren hiru gazte –Garazi Larrea antzuolarra tartean– izan dira Aretxabaletako GSR egoitzara boccia eraman dutenak. Arizmendiren zikloan kirol egokitua ematen ari zirela, GSRko langile batzuek horren berri izan eta erabaki zuten egoitzan boccia lantzea.

Egoiliarrek jokoa ezagutzen jardun zuten otsailean: "Asko gustatu zitzaien, eta txapelketa egitea pentsatu genuen", dio GSRko fisioterapeuta Maria Gardokik. Mugikortasun arazoak dituzten baina kognitiboki ondo dauden lagunez osatutako bost bikote ibili dira lehian bost jardunalditan. Eta lehiatze hori gustatu egin zaie nagusiei: "Euren arteko pikeak sortu dira, eta, batera bizi direnez, giroa sortu du horrek. Bestela, gimnasiarekin-eta ez dute lehia-aliziente hori".

Horrez gain, txapelketa ofizialetan lehiatzea zer den badakiten Dortoka klubeko Agustin Toledo eta Aritz Bikuña bergararren bisita jaso zuten jardunaldietako batean, eta haiekin ere jokatu ahal izan zuten.

Eta lehia lehia denez, final handia ere izan du GSRko txapelketak; astelehenean izan zen, Ibarra kiroldegian –aurreko jardunaldiak egoitzan bertan izan ziren–, eta, azkenean, Mercedes Espejo arrasatearrak eta Jose Luis Iñarra soraluzetarrak osatutako bikoteak irabazi zuen.

"Oso esperientzia ona izan da: egoiliarrei ondo etortzen zaie kanpoko jendearekin, jende berriarekin, gazteekin harremana izatea". Errepikatzeko asmoa agertu dute egoitzan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak