Baina, halakoak egitera beste batzuetan Alpetara joan diren moduan, zergatik aukeratu dute oraingoan Debagoiena? [Besaide eta Udala artean hartu zituzten irudiak]. Bada, Orbeako marketing arloan lan egiten duen Aitor Otxoa arrasatearrak eman dizkigu xehetasunak: "Arrazoi asko daude bideo hori –eta rider-en egonaldia– hemen egiteko. Bideoa sagardotegi batean hasten da, Aian dagoen Satxota sagardotegian. Bertakoak lagun oso minak dira, eta bideoa umorez hasteko oso modu aproposa da, eta bide batez, gure kulturako zerbait erakutsi".
Eta ondoren datozen irudi guztiak Besaide eta Udala artekoak dira: "Markel Uriartek oso ondo ezagutzen ditu inguruak, gainera, tarte batzuetan Arrasateko bizikleta martxan sartutako ibilbidea erabili dugu; gure ingenierietako bat Mikel Bergara da, Arrasateko martxa antolatzen duen lagunetako bat, eta hark hainbat aholku eman zizkigun grabazioak non egite aldera".
Argazkiak: Orbea / Juango Otazu
Bestalde, Besaide oso leku esanguratsua da, EAEko hiru lurraldeak batzen diren tokia, monolitoaz, mendizaleekin duen harremanaz... "Eta, horrekin batera, Markel Uriarteren eta bion lagun mina zen Joseba Iglesias ere omendu nahi izan dugu bideo honekin. Noski, AEBtan edo Ingalaterran bideo hau ikusten dutenek [milaka klik izan ditu] ez dituzte detaile horiek jakingo, baina gure lagunari omenalditxoa egin ahal izateak ilusio handia egin digu guri".
Hiru egun gurean
Orbea Enduro Crew taldean rider suitzarrak daude, frantziarrak, argentinarrak... "Eta eurekin dugun hartu-emana gertukoa izaten ahalegintzen gara. Hiru egun egin zituzten gurean, eta hirugarrenean joan ginen grabazio hori egitera. 04:00etan joan ginen Besaidera, egunsentiko lehen argiekin grabatzera, eta Udalan bazkaldu ostean, arratsaldeko azken orduan hartu genituen irudi gehiago".
Emaitzekin obsesionatu barik
Munduko txirrindulari onena babestu beharrean, nahiago dute euren lurraldean ezagunak diren jendeaz lan egin. "Jende jatorra da, sanoa, eta ez digu horrenbeste axola probetan bigarren edo bosgarren sailkatzen diren. Guk beharrezkoa duten materiala ematen diegu, bizikletetatik hasita. Gero, bakoitzak bere herrian konpetitzen du, baina urtero egiten dugu halako stage bat, denok batzeko.