Aretxabaletako gazte mugimendua "indartzeko" beharra ikusi zuen gazte talde batek aspaldi, eta ideia hura, orain ekitaldi bihurtuko dute. Poliki-poliki eman dute horren berri: elkartu, hausnartu eta ekin leloarekin kaleak bete; Santa Ageda neska-mutilen laguntzarekin berba horiek plazara, jendaurrera, eraman; Aratusteetan, Gazte Topaketak aurkeztu; eta gazteen egungo egoeraz jabetzeko pare bat parodia egin: etxebizitzaren egoera salatzeko eta Aretxabaletan bizi eta lan egin gura dutela aldarrikatzeko. Eta orain lanerako ordua iritsi zaie.
Gazteen arazoen gainean jardun
"Buru belarri gabiltza lanean aste bukaera eraginkorra izan dadin, baina argi daukagu, jendearen laguntza behar izango dugula benetan eraginkorra izan dadin eta helburuak lortu", diote antolatzaileek, eta gaineratu: "Izan ere, Gazte Topaketen helburu nagusiena, gazteon problematika identifikatu eta horiei alternatiba komunak proposatzea izateaz gain, Aretxabaletako gazteon arteko harremanak sendotzea da, adina alde batera utzita eta ahal den anitzena izanda". Hori horrela, herriko gazte guztiei egin diete dei bihar udaletxe zaharrean elkartzeko: "Gazteei bertara hurbiltzeko gogoa eta konpromisoa eskatzen diegu, harremanak sendotu eta ideia eta alternatiba asko atera daitezkeelako". Orduan jakinaraziko diete, gainera, non izango den Gazte Topaketa hori.
Aste bukaera "borobila" eraikiko dutela guztien artean jakinarazi dute, eta aurrera begira lanerako gogotsu agertu dira: "Prozesu berri honen jaiotzan proposamenak bota eta partaide izan gaitezen nahi dugu, Aretxabaletako gazte mugimendua aktibatzeko".