"Udaberrian zein produktu ditugun ezagutuko dugu, eta horiek zertarako diren egokiak jakin. Bakoitzari zein datorkion ondo jakinda menuak gertatzen ikasiko dugu", argitu du Diaz de Monasterioguren dietistak. Hala, hitzaldi praktikoa izango da, herritarren gogo eta galderetara moldatua. "Erosketa arduratsuaren garrantzia azpimarratuko dugu, eta era berean elikadura arduratsua bultzatu. Hala, erositako produktuak zelan kozinatu pista batzuk ere emango ditut". Garaiko produktuekin batera urte guztian dauden produktuen kalitatearen gainean ere jardungo du dietistak, hala nola, ogiaren, olioaren eta esnearen gainean.