Basotxok 99.000 euroren bueltako aurrekontua onartu du eta presidente berria izendatu

Mirari Altube Arrese 2014ko mar. 15a, 09:00
Basotxoko bazkideak batzar orokorrean.
Batzar orokorra egin du Basotxo erretiratuen elkarteak, eta urteko aurrekontua onartu, 99.000 euroren bueltakoa hain zuzen. Presidente berria ere izendatu du Jose Ignacio Isasmendi.

Bazkideak 966 dira guztira; 64 urte artekoak 90; 65 eta 75 urte artekoak, 409; 76 eta 85 urte artekoak, 359; eta 85 urtetik gorakoak, 108 (horiek ez dute bazkidetzarik ordaintzen). Emakumeak dira 557 (%57,7) eta gizonezkoak, 409 (%42,3).

Iaz 60.000 euroko aurrekontua izan zuten; aurtengo, ostera, 99.000 eurokoa onartu dute. Horren arrazoia da hiru bidaia luze egingo dituztela, bakarra beharrean. Udaletik jasotzen duten laguntza, ostera, 3.000 eurokoa da, aurrekontuaren %3. Eta bazkide kuotak 8 euro izaten jarraituko du.

Hiru bidaia luze

Hainbat hitzaldi iragarri dituzte datozen hilabeteotarako. Atzo, esaterako, memoria lantzeko tailerra aurkeztu zuten, eta taldea osatuz gero hemendik eta udara bitartean astero egingo dute ordu eta erdiko saioa. Maiatzean, zahartzaro aktiboaren gaineko hitzaldia izango dute; ekainean, barre-terapia; eta uztailean, botika generikoen gainekoa. Irailean, ostera, kultura astea egingo dute iaz legez: erakusketa, mendi-ibilaldia, abestaldeen topaketa… Abestaldea hain zuzen hainbat herritarra joango da kantuan egitera iaz legez: Bilbo, Gernika…

Bidaiei dagokienez, egun bakarreko bost egingo dituzte abuztura bitartean, tartean Karrantzara, Errioxara eta Miarritzera. Eta hiru astebete ingurukoak: Extremadurara, apirilean; Alemaniara, uztailean; eta Leon eta Zamora ingurura, urrian.

Zuzendaritza aldaketa

Batzarrarekin batera zuzendaritza batzordea utzi dute lau kidek eta orain honakoek osatzen dute: Jose Ignacio Isasmendi, presidentea; Nieves Arana, presidente-ordea; Mariasun Isasmendi, idazkaria; Jose Manuel Garcia, diruzaina; Fortunato Lopez; Kontxi Romano; Jose Ramon Quintanilla; eta Antonio Serrato.

Jose Ignacio Isasmendi: "Bidaiek arrakasta handia dute; Tolosako Aratusteetara bi autobus joan ginen"

Idazkari lanetan jardun du urtebetean eta orain Agustin Aginagaldek utzitako presidente kargua hartu du.

Presidente orain?
Oraindik ez dut hartu kargua. Martxoaren 25ean daukagu batzarra batzordera sartu direnekin eta utzi dutenekin eta orduan egingo ditugu izendapenak.

Hiru emakume orain?
Bai, iaz bakarra zegoen eta orain hiru, berdintasunaren alde geu ere. Gainera, emakumezkoak gehiago dira bazkideen artean.

Ekintza asko antolatzen dituzue elkartean; zelako erantzuna izan ohi dute?
Bidaiek arrakasta handia dute; Aratusteetan bi autobus joan ginen Tolosara eta iaz, Andaluziara 56 lagun. Hitzaldiek, ostera, gorabehera handiak izaten dituzte. Mendekotasunaren gainean Hector Prietok eman zuenera 70 bat lagun etorri ziren, baina hurrengoan oso gutxi elkartzen gara.

Hainbat zerbitzu dituzue; bazkideak pozik daude?
Bai, ile-apaindegia daukagu eta iaz 900 bat zerbitzu eman zituen. Podologoa hilabetean behin etortzen da eta 15 bat lagun izaten ditu. Eta tabernan antzeko kopurua elkartzen da beti. Azken urtean behintzat, ez dugu inolako kexarik jaso.

Eta Udalarekin zelako harremana duzue?
Gure batzordera Maider Aizkorbe zinegotzia etortzen da, eta pozik gaude. Beste kontu bat da udaletxeko gestioarekin; iazko diru-laguntzaren lehen zatia azaroan jaso genuen eta bigarrena oraindik ez dugu jaso.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak