Zein da Kepa Errasti? Zelakoa da?
Uste dut traturako erraza den pertsona bat naizela… Baina zaila da nork bere burua deskribatzea.
Zein harreman daukazu sukaldearekin?
Jatun ona naiz, oso ona, larregikoa, igual… Sukaldari ona naizen edo ez besteek esan beharko dute. Gustuko dut sukaldean jardutea, hori bai.
Zein da zure espezialitatea?
Ez daukat aparteko espezialitaterik. Errezeta liburuekin kozinatzea gustatzen zait, eta gauza ezberdinak egitea.
Zertara gonbidatuko zenuke lagunik onena?
Lagunaren arabera. Bat, igual, mariskoa jatera kosta ingurura; besteren bat, igual, etxera neuk egindako zer edo zer jatera; edo besteren bat Apotzagara eskalope bat patatekin jatera…
Eta etsairik handiena zertara?
Jan barik utziko nuke.
Zergatik aktore?
Oso ondo pasatzen dudalako. Eta luxua da nork bere lanarekin hainbeste disfrutatu eta hortik bizi ahal izatea.
Eta Euskal Herrian... ohiko galdera: aktore izatetik bizi daiteke?
Aktore bakarrik izanda oso zaila da. Egon daitezke denboraldi onak, baina gehienok (%95ek edo gehiagok) beste lan batzuk eginda lortzen dugu bizirik irautea.
Antzerkia, telebista eta zinea; zer gurago?
Guztiek daukate bere alde positiboa. Eta negatiboa ere bai.
Madrildik deituz gero lanerako? Eta Hollywoodetik?
Ikusi egin behar zein lan den eta zein baldintzatan joan beharko nukeen lanera. Ezetzik ez, hasiera baten…
Zein duzu gogoko aktore munduan?
Egiten duena egiten duela gustuko dudan bat, Meryl Streep.
Aktore ez bazina…
Bueno, orain gidoilaria ere banaiz, eta irakaslea…
Zer maite duzu aktore bizimoduan?
Egun bat ere ez dela aurrekoa modukoa.
Non dago Aretxabaleta zure bihotzean?
Ia astebururo bueltatzen banaiz… esango didazu!
Aratusteak: Aretxabaletakoak ala Tolosakoak?
Tolosakoak oso ondo daude, eta gainera, hainbeste egun izanda, aukera ematen dit domekan Aretxabaletan egoteko; hortaz, biak.
Iratxoek hiru desio betetzeko aukera eman dizute.
Osasuna, zoriontasuna eta laguntasuna.
Zure bizitzako anekdota bat.
Orain dela hiru urte Etiopian egon nintzen, eta bidaia hartan bost bat aldiz Barçako Fabregas jokalariarekin nahastu ninduten. Ez dakit non hartzen zidaten antza… Igual, izango da gu ere beste arraza batzuentzat antzekoak garelako denok. Kuriosoa izan zen. Nik garai hartan ez nekien zein zen ere jokalari hori, eta horren harira ezagutu nuen.
Aktore bizimodu horretan zer da ezinbestekoa?
Jolasteko eta ondo pasatzeko prest egotea.
Damu zara…
Ez daukat damu berezirik.
Zer errepikatuko zenuke?
Bizitzan zehar pasatu zaizkidan pasarte asko.
Zerk beldurtzen zaitu?
Bilatu bako bakardadeak.
Lanetik etxera iritsi berri, sofan eseri eta…
Egun, etxetik lan asko egiten dut. Gertuegi daukat sofa gauza onerako. Serieren bat ikusi…
Nora ospa egingo zenuke gustura?
Hondartza daukan edozein lekutara. Orain, Indonesia daukat buruan.
Ze esaldi konpartituko zenuke?
Eskerrik asko Mari Oilasko.