Bandak hasiko du ekitaldia bihar, eta ondoren txistulari taldearen emanalditxoa etorriko da. Musika ikasleek kantuan egingo dute gero, eta dantzariek agurtuko dute jaialdia. Hori guztia Herriko Plazan izango da (19:30); euria bada, Iturrigorri pilotalekuan.
600 lagun bazkaltzeko
Herritarrak, baina, Aratuste-domekari begira daude, orain arteko lan guztia orduantxe erakutsiko dute-eta. Urtero legez, txistulariek egingo diote ongietorria egunari (10:00), eta ondoren txino-dantzaren txanda izango da Santa Ageda neska-mutilen eskutik (11:45). Kuadrillek gertatutako karroza eta muntaien erakustaldia, hau da, desfilea hasiko da gero (12:00). Beroa taberna inguruan elkartu eta Araba ibilbidetik Mitarte kalera joko dute; handik Duranara, eta Errekabarrenetik aurrera, Andramari auzoari buelta egin eta berriro Mitarte eta Duranara; Herriko Plazan bukatuko dute.
Eta tripa-zorriak dantzan hasi orduko kiroldegira joko dute kuadrillek (14:30); 600 lagun inguru elkartuko dira eta herriko Bixxxentak taldeak girotuko die bazkalordua.
Arratsaldean Akelarre txaranga lagun joango dira kiroldegitik plazara (18:00) eta mozorro lehiaketaren sariak banatuko dituzte orduan (18:45). Ondoren, Santa Ageda neska-mutilek azken dantza saioa eskainiko dute.
Martitzenean umeak
Aratuste-martitzenean neska-mutikoak izango dira protagonista. Goiz partean (10:00) plazan elkartuko dira eta gero kalejiran joan. Arratsaldea txarangak eta buruhandiek girotuko dute, eta Txinen hiletarekin (20:00) esango diete agur Aratusteei.