Huhezik dekano berria izango du irailean

Goiatz Arana Begiristain 2014ko ots. 25a, 11:59

Begoña Pedrosa.
Begoña Pedrosa izango da Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekano berria. Pedrosa Filologia Ingeleseko lizentziaduna eta Hizkuntzalaritza Aplikatuko doktorea da, Hizkuntzalaritzako Masterra du eta 2002az geroztik Literatura eta Hizkuntzen Didaktika Departamentuko irakaslea da Mondragon Unibertsitatean. 2014ko irailean jabetuko da karguaz eta, bien bitartean, gaur egungo dekanoarekin, Nekane Arratibel doktorearekin, partekatuko du postua, ordezkatze-prozesua naturala eta antolatua izan dadin.

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Kontseilu Errektoreak Begoña Pedrosa izendatu du fakultateko dekano berri.

Bizkaitarra da Begoña Pedrosa. Filologia Ingeleseko lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, eta Hizkuntzalaritza Aplikatuko doktorea Euskal Herriko Unibertsitatean; eta Hizkuntzalaritzako Masterra du Amerikako Estatu Batuetako Illinoiseko Unibertsitatean.

2002az geroztik Literatura eta Hizkuntzen Didaktika Departamentuko irakaslea da Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Lehen eta Haur Hezkuntzako Graduan eta Ikus-entzunezko Komunikazioetako Graduan, bietan, bi irakasgai sortu, ezarri eta koordinatu ditu.

Ikerketa eta kudeaketa

Horrez gain, BAHI-IALE ikertaldeko kidea da eta hainbat gai-eremu ikertzen ditu: hizkuntza minorizatuen testuinguruan eleaniztasunaren konpetentziaren garapena, CLIL testuinguruetako estrategia pedagogikoak, eta ikasleen jarrerak hizkuntzen ikaskuntzan.

Kudeaketari dagokionez, ikerketa-mahaiko kidea izan da eta gaur egun atzerriko hizkuntzako aipamena koordinatzen du Lehen Hezkuntzako eta Haur Hezkuntzako Graduan. Era berean, Lehen eta Haur Hezkuntzako Gradurako Egokitzapen Ikastaroak eta Lehen eta Haur Hezkuntzako linea bidezko Gradua ere koordinatzen ditu.

Irailera arte, bizikidetza-aldia

2014ko irailean jabetuko da karguaz eta, ordura arte, gaur egungo Dekanoarekin, Nekane Arratibel doktorearekin partekatuko du  postua. Izan ere, Nekane Arratibelek abuztuaren 31ra arte jarraituko du karguan. Irailera bitartean bizikidetza-aldia izango da Dekanotzan, beraz, ordezkatze-prozesua naturala eta antolatua izan dadin.

Arratibel, irakasle eta ikertzaile lanetara

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko gaur egungo dekanoak bi agintaldi eman ditu jarraian Fakultateko Dekanotzan: 2006tik 2010era bitartekoa eta 2010etik 2014ra bitartekoa (unibertsitateko ardura goreneko postuek lau urteko iraunaldia izaten dute). Zehazki, Nekane Arratibelek 2006ko irailean hartu zuen Dekanotza, eta bertan jarraituko du 2014ko abuztura bitartean. Dekanoa Psikologian doktorea da eta Dekanotza utzi ondoren irakasle eta ikertzaile lanetan jarraituko du fakultatean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak