Zoruan ez ezik, kulunken egoeran ere eragina izan du erabilerak eta baita eguraldiak ere, eta hortaz, jolasguneak ere konponduko dituzte datozen egunotan. Guzti hori egiteko 36.172 euroko aurrekontua aurreikusi du Aretxabaletako Udalak.
Bestalde, Murubide plazako obrei ere laster helduko diete. Potoloagoak dira han egin beharreko lanak. Hain justu, Murubide 1, 2, 3, 4, 5 eta 6 zenbakien eraikinen atzealdea eta Deba erreka arteko zatia berriz urbanizatuko da, eta Otalora kaleko 13. zenbakian dagoen eraikinaren urbanizazioa ere aurreikusten du proiektuak. Batetik, irisgarritasuna hobetu nahi da lan horiekin; horren harira, Murubide plazak dituen oztopoak desagertuko dira, Otalorako 13. zenbaki ondoan aldapa eginez.
Jolasgunea eta bankuak
Bestetik, ingurune hori aretxabaletarrendako erakargarriagoa izan dadin, jolasgunea jarriko da, eta baita eserlekuak ere. Guzti hori egin ahal izateko, 195.000 euro inguru beharko direla uste du Udalak.