Mendi ibilaldi neurtua egingo dute gurean martxoaren 9an

Mirari Altube Arrese 2014ko ots. 22a, 09:00

Mendizaleak Larrino auzo inguruan.
Gipuzkoako eskolarteko jokoak antolatuta 27. mendi ibilaldi neurtuak egingo dituzte martxoaren 9an, domeka, bost herritan: Errenteria, Donostia, Azkoitia, Legazpi eta Aretxabaleta. Zaraia Mendizale Taldeak antolatu du gurean, eta egunotan dabiltza azken gertatze lanak egiten. Izena emateko epea zabalik dago ikastetxeetan.

Eskola kirolean jarduten duten neska-mutikoendako da ibilaldia, 6 eta 12 urte artekoendako, baina ez dabiltzanek ere parte hartu ahal izango dute. Adinaren araberako taldeak osatuko dituzte eta taldekideek elkarrekin hasi eta bukatu beharko dute proba neurtua.

Dagoeneko zabalik dago izena emateko epea eta ikastetxearen bitartez eman behar dute interesatuek. Zaraiako kideei jakinarazita ere onartuko dituzte; izen-emate orria Gipuzkoako Mendizale Federazioaren webgunean dago. Edozein argibide gura izanez gero Zaraiako kideak Iralabarri plazako 12. atartean duten lokalean izango dira astelehen eta eguenetan (18:00-20:00). Eta bestela mezu bat bidali helbide elektronikora –zaraiamt@gmail.com– edo telefonoz deitu honako zenbakietara: 628 699 382 eta 605 712 724.

Ibilbide bi

Iralabarri plazan elkartuko dira ibilaldi neurtua egitera datozenak martxoaren 9an, 08:30etik 09:00etara bitartean, eta bertan hasiko dute mendi buelta. Bi ibilbide izango dira aukeran, bata motza, 2 ordu eta erdi ingurukoa, eta bestea luzea, 3 ordu eta erdikoa. Iralabarri plazatik Eskoriatzako Apotzaga auzora joango dira, eta Latagainetik bueltan Aramaioko Untzillara; bertan banatuko dira bi ibilbideak eta luzea hartzen dutenek aldapa gogorragoak izango dituzte. Izurietara joango dira guztiak, eta handik herrira jaitsi, Iralabarri plazara. Hamaiketakoa egiteko gunea zehaztuta izango da, Untzillan hain zuzen, baina norberak eroan beharko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak