Hiru astelehenetan etorri dira Arabako Odol Bankuko kideak odola ateratzera Aretxabaletara eta, zehazki, 101 lagunek eman dute. Eman gabe geratu direnek beste aukera bat dute eguenean, hilak 20, odola ateratzen duen autobus ibiltaria izango da-eta Durana kalean.
Negu parteko odol ateratzeak egin dituzte azken hiru astelehenetan, eta, 112 lagun joan badira ere emateko gogoz, 101ek bakarrik eman ahal izan dute. Horietatik sei izan dira lehenengoz joandakoak; hortaz, "ondo etorri eta eskerrik asko" esan die horiei Odol Emaileen Elkarteko kide Ramon Erañak.
Hala ere, berri gazi-gozoa da; izan ere, orokorrean aurrekoetan baino gutxiagok eman dute oraingoan. Dena den, badute oraindik beste aukera bat joan ez direnek. Eguenean, hilak 20, odol ateratzeen unitate mugikorra izango da Durana kalean, Herriko Plaza parean, 09:30etik 13:30era. "Anima gaitezen eta ahalegintxoa egin guztiok bertatik pasatzeko", dio Erañak, "eta mila esker aldez aurretik".